Politika -
Katalunia
Puigdemontek 'Europako azken bazterreraino' joango dela esan du Belgikan
Bestalde, Sanchezi udako 'eginkizunak betetzeko' eskatu dio, 'keinuetatik ekintzetara' pasatzeko helburuan aurrera egiteko.
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak Belgikan esan du bere bidaia ez dela "hemen amaitzen" eta "Europako azken bazterreraino" joango dela, "Kataluniako herriaren auzi justuaren" defentsa egiteko, eta preso dauden kide guztiak aske utzi arte. Larunbat honetan egin du bere lehen agerraldia, Bruselara itzuli ostean.
"Gaurkoa egun garrantzitsua da arlo politikoan, baina baita emozionalean ere", adierazi du Puigdemontek. Halaber, azaldu du "lau hilabete eta lau egun" behar izan dituela Bruselara iristeko. Euroagindu bat betez, Alemanian atxilotu zutenean hara zihoan; ostegunean baztertu zuen Auzitegi Gorenak.
Puigdemontek Quim Torra Kataluniako Generalitateko egungo presidentearekin batera egin du agerraldia, baita ihes egin zuten beste kontseilariekin ere. Generalitateko kide berri batzuk ere bertan izan dira, besteak beste, Laura Borras, Jordi Puignero eta Maria Angels Chacon.
Bestalde, Puigdemontek Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari udako "eginkizunak betetzeko" eskatu dio, "keinuetatik ekintzetara" pasatzeko helburuan aurrera egiteko.
"Eginbeharrak dituena Sanchez da, bueltan denbora aprobetxatu izana espero dugu", adierazi du Puigdemontek. "Ezin dira botoak presidente izateko nahi izan, eta gero behar bezala jardun ez", gaineratu du.