Politika -
Osakidetza
Elkarrekin Podemosek ikerketa-batzordea eskatu du 'erantzukizunak zuritzeko'
Bestalde, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak esan du ez dutela zalantzarik izango Osasun sailburuaren dimisioa eskatzeko, ustezko irregulartasunak "azkeneraino" ikertzen ez badira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan izandako ustezko irregulartasunak argitzeko eta "erantzukizunak zuritzeko" helburuz, Eusko Legebiltzarrean ikerketa-batzordea eratzeko eskatu du Andeka Larrea Ahal Duguren Komunikazio idazkariak.
Osakidetzako LEPren inguruan azalpenak emateko asmoz, joan den ostegunean Jon Darpon Osasun sailburuak Legebiltzarrean egindako agerraldiari aipamena egin dio horrela Larreak, eta aurreratu du bere alderdiak jarraituko duela azalpenak eskatzen, lau ikerketa-txosten irekita ere, oraindik "ez baita ezer argitu".
Sailburuaren agerraldia "etsigarritzat" jo du Ahal Duguren Komunikazio arduradunak, eta oposizioaren galderei "erantzun ez izana" kritikatu du. "Erantzukizunak eskatzen jarraituko dugu", iragarri du, Eusko Jaurlaritzak "momentuz, ez baitu horren ardurarik hartu".
"Azkeneraino" ikertu
Bestalde, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak esan du ez dutela zalantzarik izango Jon Darpon Osasun sailburuaren dimisioa eskatzeko, erantzukizunak zuritzen eta "azkeneraino" ustezko irregulartasunak ikertzen ez badira.
Angiologia ataleko buru baten izendapena bertan behera utzi du Osasun Sailak, iruzur susmoa tarteko (barne promozioarekin lotutakoa, ez Lan Eskaintza Publikoarekin). Uberak hori aipatu du esanez "Osakidetzako 'modus operandi'aren seinale garbia da hori, adiskideria eta kutunkeria ohikoak dira".