Politika -

Katalunia

Puigdemont estraditatzea baztertu du Llarenak

Atzerrian dauden gainerako politikari katalanen kontrako euro-aginduak ere erretiratzea erabaki du Llarenak. Carles Puigdemont datozen egunetan joango da Belgikara.

Carles Puigdemont. Artxiboko irudia: EFE.
Carles Puigdemont. Artxiboko irudia: EFE.
Carles Puigdemont. Artxiboko irudia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nagusiko epaile Pablo Llarenak Carles Puigdemont soilik diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik estraditatzea baztertu du, eta bere aurka zegoen euroagindua kendu du. Horrek ateak irekitzen dizkio Kataluniako presidente ohiari 20 urtez Espainiar estatutik kanpo egoteko.

Halaber, atzerrian dauden gainerako politikari katalanen (Toni Comin, Meritxell Serret, Lluis Puig, Clara Ponsati eta Marta Rovira) kontrako euro-aginduak ere erretiratzea erabaki du.

Horrela, Schleswig-Holstein Auzitegiaren erabakiari erantzun dio Llarenak. Orain dela aste bat diru publikoa ustez bidegabe erabiltzeagatik estraditatzea onartu zuen Alemaniako auzitegiak, matxinada delitua baztertuta. Ez zuen aintzat hartu, beraz, Espainiako epailearen eskakizuna.

Auto batean, Llarenak atzera bota du Kataluniako presidente ohia atxilo hartzeko euroagindua, eta Puigdemont aske geratuko da. Ezin izango du Espainiar estatura itzuli, atxilotzeko agindua mantenduko baita han. 20 urte barru, ordea, berriz sartu ahalko da Espainiar estatuan, matxinada delitua preskribatuta egongo baita.

Gauzak horrela, Carles Puigdemont datozen egunetan joango da Waterloora (Belgika). Hala jakinarazi du Albert Batet JxCATek Kataluniako Parlamentuan duen bozeramaileak arratsalde honetan egindako agerraldian.

Puigdemont Bruselan egonda, Kataluniako Errepublikaren Kontseilua eratzeko prozesua abiaraziko duten galdetuta, ondoko erantzun du: “Agertokia aldatu egin da. Kontseiluarena gure gobernu-programan sartuta dago eta presidentea Waterllon egonda, hasita ditugun egitasmo guztiak itxura hartzen joango dira”, azaldu du.

Alemaniako auzitegiaren "eskusartzea" kritikatu du Fiskaltzak

Auzitegi Goreneko Fiskaltzak, bestalde, preso independentistak behin behinean aske uzteko eskakizunari erantzun dio. Generalitateko presidente ohi Oriol Junqueras, Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva, Joaquim Forn eta Dolors Bassa kontseilari ohiak, eta Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart dira eskaera egin duten presoak, "testuinguru sozial eta politiko berria" aipatuta.

Scleswig-Holsteineko Auzitegiaren "eskusartze desegokia" Espainiako jurisdikzioan kritikatu du Auzitegi Goreneko Fiskaltzak.

Testuan, Alemaniako auzitegiak legeak Gorenari ematen dizkion funtzioak hartu dituela dio fiskalak, eta horrek "bere erabakiari ondorio juridikoak onartzeko aukera zailtzen du".

Europako marko juridikoa ez betetzea dakar erabaki horrek, Fiskaltzaren arabera, eta ezin du "gertakarien garrantzi penal handia edo txikia" baldintzatu, ezta kalifikazio juridikoa ere, hori Espainiako auzitegien eskumena baita.

Alemaniako auzitegiaren erabakia ezin da "inoiz" argumentutzat erabili, "ez duelako atxilotzeko eta entregatzeko Europako marko juridikoa bete".

Auzitegiak ez luke oinarria ikertu behar, eta aldiz, egindako indarkeriaren “intentsitatea” aztertu du. Fiskalaren arabera, indarkeria zegoen ala ez egiaztatu beharko luke, hori baita matxinada delituagatik entregatzeko baldintza bakarra.

Abokatuak, pozik

Puigdemonten abokatuak euroagindua baztertzea ospatu du: "Badirudi uda polita geratu zaigula".

Cuevillasek magistratuaren autoa igo du Twitter sare sozialera, eta nabarmendu du: "Badirudi, gainera, azkenean oporrak izango ditudala".

Bestalde, Gonzalo Boye abokuatuak zera esan du Twitterren: "Napoleonek Waterloon galdu zuen prusiarrak heldu zirenean… hor utziko dut".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Auzitegi Gorena Eguneko albisteak Carles Puigdemont