Politika -
Katalunia
Artadi PSCrekin adosteko prest azaldu da, baina 155a 'ez zela irtenbidea aitortuta'
Kataluniako Gobernuaren bozeramaileak azpimarratu duenez, prozesu independentistaren harira, Pedro Sanchezek zer eskainiko duen zain daude.
EFE | ERREDAKZIOA
Elsa Artadi Kataluniako Presidentetza-kontseilariak eta Gobernu-bozeramaileak adierazi duenez, PSCrekin adosteko prest daude, baina horretarako, sozialistek aitortu beharko lukete "155. artikuluaren eragile aktibo eta errepresioaren konplize bihurtu izana ez zela bide egokia izan" Kataluniaren egoerarako.
EFEri eskainitako elkarrizketa batean, Artadik atea ireki dio "akordio zabalak" lotzeari, Kataluniako Parlamentuko gehiengo independentistaz haratago, Podem En Comunekin bereziki, "eskubide politiko eta zibilen" defentsan bat egiten dutelako (preso dauden independentistei eta erabakitzeko eskubideari dagokienez).
Dena dela, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen eta Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidentearen arteko bileraren ostean, Kataluniako sozialistekin ere ere itunak lotzeko aukera ez du Artadik baztertzen, beti ere sozialisten "jarreraren arabera".
Artadik adierazi duenez, sozialisten artean "aldaketa" somatuz gero, txalotuko dute. "PPrekin eta Ciudadanosekin alderatuta, jarrera diferenteak izaten ari dira, eta ikusi beharko da bide horri eusten dioten ala ez", esan du.
Gainera, gogoratu duenez, prozesu independentistaren harira, Pedro Sanchezek zer eskainiko duen zain daude, Torra eta Sanchezen arteko bilera horren ostean.
Artadik berretsi du ez diotela autodeterminazio eskubideari uko egingo, eta udazkenean Bartzelonan izango den presidenteen bigarren bileran Sanchezek aurkeztuko duenaren zain geratuko dira.