Politika -
Ahal Dugu
Lander Martinez: 'Ahal Dugu Euskadi da EAJren alternatiba bakarra'
Alderdi moreko idazkari nagusiaren esanetan, erdigunea eskubide sozialetan jartzeaz gain, herrialde inklusibo baten eredua defendatzen duen aukera da posible den bakarra.
Agentziak | Erredakzioa
"Ahal Dugu Euskadi EAJren alternatiba bakarra" dela esan du Lander Martinez alderdi moreko idazkari nagusiak gaur Gasteizen. Haren iritziz, erdigunea eskubide sozialetan jartzeaz gain, herrialde inklusibo baten eredua defendatzen duen aukera da soilik posible.
Alderdiak egindako azken barne hauteskundeetan udaletarako aukeratutako idazkari nagusiak aurkeztu dituzte gaur Gasteizen. 25 ordezkarik hartu dute parte ekitaldian, guztiek ezin izan dutelako egon.
Martinezek emandako hitzaldian adierazi duenaren arabera, 2019ko udal eta foru hauteskundeei "ilusioz" egingo diete aurre. Ahal Dugu Euskadik "proiektua eta taldea" badituela ere azpimarratu du.
Horren erakusgarri da atzo EH Bildurekin eta EAJrekin Eusko Legebiltzarreko Autogobernuari buruzko txostenean Estatutu berriaren eskubide eta betebeharren arloan lortutako akordioa. Martinezen aburuz, hitzarmenak alderdi morearen zigilua du.
2019ari eskubide horiek indartzeko asmoz ekingo diotela azaldu du, gizarte arloan anbizio handiko proiektua defendatuz, eta gai lokaletan oinarrituta, inor atzean utzi gabe.
Bestalde, agintean zeudenek herritarren benetako beharrei jaramonik egiten ez zietela ikusita, garai batean aurrerapausoa eman zutenen lana goraipatzeko aprobetxatu du Lander Martinezek gaurko ekitaldia.