Politika -

ESTATUTU BERRIA

EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskubide sozialak blindatzea adostu dute

Estatutu berriaren Eskubideen eta Betebeharren inguruan adostu dutena Autogobernu lantaldean hiru alderdiek lortu duten lehen akordioa da.

Autogobernu lantaldearen bilera Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Autogobernu lantaldearen bilera Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
EAJk, EH Bilduk eta Podemosek eskubide sozialak blindatzea adostu dute

1:36

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldean, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek Estatutu berriaren Eskubide eta Betebeharren inguruko atala adostu dute, eskubide sozialak autogobernuaren "erdigunean" jarriz eta "herria egituratzeko ardatz" gisa jarriz.

Estatutu berriaren Eskubideen eta Betebeharren inguruko dokumentua gaurko bileran adostu dute Elkarrekin Podemosek, EAJk eta EH Bilduk. Autogobernu lantaldean hiru alderdiren artean lortzen den lehendabiziko adostasuna da.

Hiru alderdiek lortu duten akordio horren baitan eskubide sozialak "blindatzeko" neurriak proposatu dituzte. Esaterako, bizitza duin bat izateko gutxienezko diru-sarrerak jasotzeko eskubidea jaso dute.

Horrez gain, hezkuntza "publikoa, inklusiboa eta kalitatezkoa" izateko eskubidea, osasun sistema "unibertsal, doakoa eta kalitatezkoa" izateko eskubidea, lan "duin" baterako eskubidea, etxebizitza "duin eta eskuragarri" baterako eskubidea eta ingurumen "osasungarri" baterako eskubidea ere onartu dituzte. Halaber, emakumeen eskubideei buruzko atal berezitu bat sortzea ere adostu dute, sexuen arteko "egiazko" berdintasuna lortzeko.

Bestalde, EAJk eta EH Bilduk beste aldebiko akordio bat lortu dute, aurrez Estatutu berriaren beste zenbait ataletan gertatu bezala (Hitzaurrea, Atariko Titulua, eskumenak, botere banaketa).

Oraingoa Europako eta nazioarteko harremanei buruzkoa izan da. Zehazki, Estatutu berriarekin Euskadik nazioarteko erakundeetan "esku hartze zuzena" izatea bermatu nahi dute. Halaber, Europako hauteskundeei begira euskal barrutia sortzea ere aldarrikatu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak berriak EH Bildu PSE-EE berriak Euskadiko PP berriak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi