Politika -

Autogobernu lantaldea

PSE-EEk boto partikularra aurkeztu dio Estatusaren hitzaurreari eta atariko tituluari

Sozialistek gaur erregistratu dute beraien boto partikularra, beraien esanetan, testu artikulatua idatziko duten adituek EAJrena eta EH Bildurena ez den ikuspegi bat aintzat har dezaten.

Jose Antonio Pastor eta Idoia Mendia. Argazkia: EFE
Jose Antonio Pastor eta Idoia Mendia. Argazkia: EFE
Jose Antonio Pastor eta Idoia Mendia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-EEk boto partikularra aurkeztu dio Estatutu berriaren hitzaurreari eta atariko tituluari, sozialisten esanetan, testu artikulatua idatziko duten adituek EAJrena eta EH Bildurena ez den ikuspegi bat aintzat har dezaten.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak eta Jose Antonio Pastor talde sozialistak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak gaur Bilbon egindako prentsaurrekoan azaldu dutenez, dagoeneko erregistratu dute Legebiltzarrean eta gainerako taldeei ere helarazi diete. Boto partikularrean hitzaurrea eta atariko titulua izan dituzte hizpide, horien esanetan, "gainerako guztia horien ondorio direlako" eta artikulu bakoitza interpretatzeko balio dutelako.

Mendiaren iritziz, EAJk eta EH Bilduk adostutako testuak legezkotasuna "gainditzen" du eta "ideia arriskutsu bat jasotzen du: hiritartasun eta nazionalitate kontzeptuak bereiziz".

"Ez da bakarrik proposatutako hitzaurreak legezkotasuna gainditzen duela. Planteatutako testuan EAEko herritarrek gainerako espainiarrei esaten diegu Espainia estatu konfederal bat izango dela", adierazi du.

Buruzagi sozialistak salatu duenez, "atariko tituluan aipatzen den lehen kontua, hain justu, erabakitzeko eskubidearen sendotzea da, eta modu arriskutsuan aurrez aurre jartzen dira printzipio demokratikoa eta legezkotasuna".

Testuak hiritartasun eta nazionalitate kontzeptuak bereizten ditu. Bereizketa horrek, Mendiaren esanetan, lehen eta bigarren mailako hiritarrak sortuko ditu.

Sozialisten buruaren esanetan, EAJk eta EH Bilduk interes nazionalistei erantzun diete. Are gehiago, orain arte adostutako oinarriek ez dutela euskal gizartearen pluraltasuna bermatzen uste du. Hori da, hain zuzen ere, bere esanetan, babestu beharreko baliorik handiena.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra bideoak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Alderdi politikoak EH Bildu Araba PSE-EE albisteak Euskadiko PP bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Podemos Ahal Dugu Euskadi