Politika -
'Alqueria' operazioa
Jorge Rodriguez Valentziako Diputazioko presidenteak dimisioa eman du
Buruzagi sozialista joan den astean atxilotu zuten diru publikoa bidegabe erabiltzea eta prebarikazioa egotzita. 'Errugabea' dela dio. Ontinyent herriko alkate izaten jarraituko du.
Agentzia | Erredakzioa
Jorge Rodriguez Valentziako Diputazioko presidenteak (PSPV) dimisioa eman du gaur, joan den astean diru publikoa bidegabe erabiltzea eta prebarikazioa egotzita atxilotua izan eta gero. Rodriguez asteazkenean atxilotu zuten 'Alqueria' operazioaren baitan, eta biharamunean utzi zuten aske, baina ikertu gisa jarraitzen du.
Galderarik gabeko agerraldi batean azaldu duenez, "kontzientzia lasai" du, "errugabea" baita. "Hanka sartuko nuen, baina eskurik ez", adierazi du.
Rodriguezen hitzetan, Presidentetza eta diputatu kargua utziko ditu, baina Ontinyent herriko alkate izaten jarraituko du.
"Ni neu eta nire taldea errugabeak gara, baina dimisioa aurkeztu dut erakunde honen izen ona mantentzeko. Herritarrei zor didan leialtasunagatik eman dut dimisioa, hori izan da nire jardun politikoaren ardatza. Ziur naiz errugabea naizela, baina hori frogatzeko, hobe da erakundetik kanpo egotea", esan du.
"Baldarrak edo inuzenteak izan gintezkeen, baina lapurrak ez", erantsi du. Horren ondotik, bere gobernuak Divalterra enpresa publikoaren gardentasuna bermatzeko jarritako neurri guztiak aletu ditu.
Diputazioko egoitzan eskaini du agerraldia Rodriguezek, txalo artean hartu dute han ziren Diputazioko kideek eta Valentziako zinegotzi sozialistek.
Rodriguez, aske geratu ostean, ostegunean. Argazkia: EFE
Valentziako Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak jarritako salaketa bat oinarri, asteazkenean atxilotu zuten Rodriguez. Epaileak susmopean jarri ditu Divalterra enpresak 2015ean egindako kontratazio batzuk, legez kanpokoak zirelakoan. Biharamunean geratu zen aske, baina ikerketapean jarraitzen du. PSOEk alderditik kanporatu zuen ostegunean bertan.