Politika -
Etxeraten salaketa
Garikoitz Garcia presoaren bi lagunek istripua izan dute bisita batetik bueltan
Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkarteak salatu duenez, sakabanaketak 'aurten eragindako laugarren istripua da'.
EITB.EUS
Garikoitz Garcia Arrieta ETAko presoaren bi lagunek istripua izan zuten igande arratsaldean hari Picassenteko espetxean (Valentzia) bisita egitetik bueltan, Etxerat euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkarteak ohar batean salatu duenez.
Ezbeharra Daroca parean (Zaragoza) jazo zen, gidari batek bere autoaren kontrola galdu eta bi lagun horien autoaren kontra talka egin zuenean. Biak onik daude, "kotxeak gelditu aurretik bi buelta eman" zituen arren.
Etxeraten esanetan, urruntzeak "aurten eragindako laugarren ezbeharra izan da". Hori horrela, "euskal gizartearen gehiengoarekin batera, instituzio eta eragile sozial eta sindikalekin batera, urrunketa eta dispertsio politika behin-betiko amaitzea" eskatu du elkarteak.
Era berean, preso horren senitarteko eta lagunei elkartasuna erakutsi die, eta mobilizazioak deitu ditu datozen egunetarako: Iruñean (gaur, astelehena, 20:00etan, Merindadeen plazan), Bilbon (asteartean, 19:30ean, Arriaga plazan), Donostian (asteazkenean, 19:00etan, udaletxearen aurrean) eta Gasteizen (asteazkenean, 20:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan).