Politika -
PP
Cospedal eta Garcia-Margallo Euskal Herrian izan dira gaur babes bila
Alderdian 'zauririk ez irekitzea' eskatu du Cospedalek. Garcia-Margallo, bere aldetik, ziur agertu da Euskadin babesa lortuko duela bere 'birsorkuntza' proiektua bultzatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Uztailaren 21ean PPko presidentea aukeratzeko egingo duten Kongresuari begira abiatutako barne-eztabaidan, alderdian "zauririk ez irekitzea" eskatu du Maria Dolores de Cospedal PPko presidentetzarako hautagaiak gaur Portugaleten. Era berean, "hausturarik" ez egitea aldarrikatu du, prozesutik "ahalik eta elkartuen" atera eta hauteskundeak "irabazteko". "Batera egon behar dugu", azpimarratu du, "PPn ezin delako barne hausturarik egon eta indartuta atera behar duelako".
Cospedal Portugaleten izan da gaur. Lehenik eta behin, afiliatuekin bildu da Getxoko egoitzan, eta ondoren, Portugaleten inauguratu berri duten egoitzan egindako ekitaldi politiko batean hartu du parte. Amaya Fernandez Euskadiko PPren idazkari nagusia, Iñaki Oyarzabal Arabako PPren presidentea, Raquel Gonzalez Bizkaiko popularren buruzagia eta Juan Carlos Castaño Portugaleteko alkatetzarako hautagaia izan dira Cospedalekin.
Cospedalen esanetan, "jende askoko proiektua" duen hautagaitza defendatu nahi du, "alderdiaren proiektua", alegia. Ondoren ohartarazi duenez, "ez badaukagu alderdi indartsu eta elkartua, ez ditugu hauteskundeak irabaziko".
PPko presidentetzarako hautagaiaren iritziz, ez du nahi popularrek "kosta ahala kosta Espainian agintzea, edonoren babesa izanda". PPk espainiarrei "askatasun proiektua" eskaini behar diela defendatu du, printzioetan oinarrituta, eta eskuin erdialdeko ardatza izango dena: "Hala irabaziko dugu".
Zentzu horretan, Espainia "momentu kritikoa" bizitzen ari dela nabarmendu du. Pedro Sanchez "hauteskundeak irabazi ez dituen" lehen presidentea dela salatu du. "Independentista kataluniarren eta EH Bilduren botoei esker lortu duela" presidentetza esan du.
Garcia-Margallori ez zaio "zentzuzkoa" iruditzen "irekitzeaz eta gardentasunaz" hitz egitea PPn eta hautagaien eztabaida "lapurtzea"
Jose Manuel Garcia-Margallo hautagaiari "zentzugabea" iruditzen zaio "irekieraz, gardentasunaz eta demokraziaz" hitz egitea alderdiko presidente berria aukeratzeko abiatutako prozesuan, militanteei hautagaien arteko eztabaida "lapurtuko" zaien bitartean.
Horrez gain, ziur dago proposatzen duen alderdiaren eta Espainiaren "birsorkuntza" proiektua garatzeko babesa lortuko duela Euskadin. Militanteen "adiskidetasuna errekuperatzeko" helburua duela azaldu du.
Donostian egindako adierazpenen arabera, PP eta Espainia salbuespenezko egoeran daudela azpimarratu du Garcia-Margallok. Juan Carlos Cano Gipuzkoako Batzar Nagusien presidentea eta Chema Herzog militante popular ohia izan dira hautagaiarekin. PPren Gobernuak "zentsura-mozio bat galdu du lehen aldiz Espainiako historian", eta "popularrek militantziaren adiskidetasuna eta maitasuna galdu dute", gaineratu du.
"Egoerari buelta eman eta errekuperatu egin behar da", defendatu du Garcia-Margallok. Horrenbestez, "32 neurri zehatz" proposatu dituela esan du, "afiliatuei alderdia bueltatzeko".