Politika -
kartzela politika
Presoen sakabanaketa amaitzea eskatu dute Hego Euskal Herriko sindikatu guztiek
Foro Sozialaren ekimenez, Nafarroako Parlamentuak eta Eusko Legebiltzarrak hilabete honetan presoen inguruan adostutakoarekin bat egin dute sindikatuek, kartzela politika aldatzeko eskatuz.
eitb.eus
ELA, LAB, CC.OO., UGT, Steilas, ESK, EHNE, HIRU, Etxalde eta CGT sindikatuek agiri bat kaleratu dute, espetxe politika aldatzeko eskatuz.
Foro Sozialak bultzatuta, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak, hilabete honetan, presoen inguruan izenpetutako akordiekin bat egin dute sindikatuok, eta, EAEn ordezkaritza duten zentralek, hiru puntuko agiri bat ere kaleratu dute gaur.
Hasteko, "sindikatuek bere desadostasuna adierazten dute pertsona presoen urrunketa kartzela politikarekin eta isolamenduaren salbuespenezko neurriekin". Bide horretan, "beharrezkotzat jotzen dute kartzela politika berri bat", presoak etxetik gertu egon daitezen, eta, azkenik, "bizikidetza politiketan aurrera" egin behar dela esan dute, "horretarako, egoki deritzon indibidualizazio, gizatasun eta eragindako kaltearen aitortza bezalako printzipioak aplikatuz".
Euskal Autonomia Erkidegoan ELA, LAB, CC.OO., UGT, Steilas, ESK, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuak batu dira Gasteizko Ganberak ekainaren 13an onartutako moziora. Nafarroan, berriz, ELA, LAB, CC.OO. eta UGT izan dira Foru Parlamentuak ekainaren 29an adostutakoa babestu dutenak. Agiri ezberdinen bidez agertu dute atxikimendua.
Foro Sozial Iraunkorrak "oso positiboki" baloratu du "sindikatu guztiek hartu duten jarrera". Horrelako ekimenek, Foro Sozialaren arabera, "espetxe politika aro berrira egokitzearen alde dagoen gehiengo politiko sozial eta sindikala indartzen dute".
Gehiengo hori Euskal Herritik kanpora ere zabaltzen ari dela esan du bakearen aldeko taldeak.