Politika -

Bilera

Eskumenak transferitzeko bi aldeko taldea sortzea adostu dute Urkulluk eta Sanchezek

Halaber, kartzela-politika “berriro bideratzeko” beharra dagoela nabarmendu dio lehendakariak Espainiako Gobernuko presidenteari, ETAko presoak euskal kartzelatara gerturatzeko.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. EFE
Espetxe politikak aldaketa behar duela esan dio Urkulluk Sanchezi

0:45

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkulu lehendakariak astelehen honetan esan du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin akordioa lortu duela "bi aldeko talde iraunkorra" sortzeko, Gernikako Estatutuan transferitu gabe dauden 37 eskumenak transferitzeko.

Pedro Sanchezekin Moncloan izan duen bileraren ostean, Urkulluk egungo Estatu ereduari buruzko "hausnarketa" proposatu du, "hausturaz" hitz egin gabe, "bizikidetzaz baizik".

Halaber, kartzela-politika "berriro bideratzeko" beharra dagoela azpimarratu dio Sanchezi, ETAko presoak euskal kartzeletara gerturatzeko.

Estatu eredua

Urkulluk Estatu eredua erreformatzea proposatu dio Sanchezi, plurinazionaltasuna hartzen duena eta "trataera propioa eta berezia eskatzen duten ekintza bereizgarriak" aitortzen dituena. "Ez dugu hausturaz hitz egin, elkarbizitzaz baizik", adierazi du Urkulluk.

Lehendakariak konbentzio konstituzional bat aztertzea proposatu du, "konstituzionalismo erabilgarriaren" alde egiteko, "arazoak konpontzearen eta ez gaizkitzearen zerbitzura".

Transferentzietan, hiru gai lehenetsiko dituzte: autobideak, Pasaiako portua eta espetxeak

Transferentzietan, "aurreratuago dauden" hiru gai lehenetsiko dituzte: autobideak (A-68a, eta A-1aren zati bat), Pasaiako portua eta espetxeak.

Halaber, laneko bilera bat gauzatuko dute bi gobernuetako taldeek Auzitegi Konstituzionalean bideratu gabe dauden helegiteak euskal araudietara zuzentzeko.

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean garatzen ari diren lanen berri eman dio Iñigo Urkulluk Pedro Sanchezi, autogobernua eguneratzeko eta sakontzeko asmoz.

Presoak

Bizikidetza eta giza eskubideei dagokienez, "kartzela-politikarako ikuspegi berri baten beharra" dagoela esan dio Sanchezi, "ETAren amaieraren ostean ireki den garai berri honetan". Halaber, "espetxe-politika berriro orientatu eta presoak gerturatu" behar direla nabarmendu du.

"Salbuespen neurriak gainditzen dituen politika berri batez ari gara, kartzela legediak eta Konstituzioak berak ezartzen duten moduan, zigortuta dauden pertsonen deserrotzea ekidin eta gizarteratzea errazten duena", azaldu du.

Kartzela-politika "normalizatzeko" lantaldea sortuko duela esan du Sanchezek

Lehendakariak Sanchezen "kautelazko arrazoiak" ulertzen ditu, eta Eusko Jaurlaritza memoria, aitorpen eta biktimaren erreparazio gaian garatzen ari den ekimenak jakinarazi dizkio. "Bizikidetza normalizatuan aurrera egiteko unea dela uste dut, eta erakunde eta euskal herritar gehienen babesa jakinarazi diot, linea horretan hartu daitezkeen erabakien harira. Harreman zuzena izatea erabaki dugu elkarbizitzaren gaian", azpimarratu du.

Lehendakariak jakitera eman duenez, Espainiako Gobernuko presidenteak kartzela-politika "normalizatzeko" lantaldea sortzeko hitza eman du; ez dute egutegirik zehaztu, ezta sistema aldatzeko helburua jarri ere.

Sanchezek autonomia erkidegoetako buruekin egin duen lehen bilera

Sanchezek autonomia erkidegoetako buruekin izango dituen lehenengo bilera izan da, eta estatutuen antzinatasunaren arabera egingo ditu. Espainiako Gobernuko presidenteak Ministro Kontseiluko eraikinera sartzeko atean hartu du Urkullu, Espainiako bandera eta ikurrina aldamenean zituztela. Biek eskua eman diote elkarri, eta, ohi bezala, argazkilariei begira jarri dira, argazkia ateratzeko.

Eusko Jaurlaritzak EAEra transferitu gabe dauden 37 eskuduntzak biltzen dituen dokumentua helarazi dio Espainiako Gobernuari. Mariano Rajoyk ere jaso zuen, baina ez zuen Transferentzien Batzorde Mistoa deitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Presoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak