Politika -
Masterraren auzia
Casadoren masterra baliozkotzeko epaimahai eta aktarik ez dago, URJCren arabera
PP zuzentzeko hautagaiak azpimarratu du titulua 'legezkoa' dela eta 'duela 10 urteko kontu bat' hautagaitza aurkeztu duenean atera dutela salatu.
Agentzia | Erredakzioa
Juan Carlos Erregearen Unibertsitateak (URJC, gaztelerazko sigletan) Carmen Rodriguez-Medel Madrilgo 51. Instrukzio epaileari jakinarazi dioenez, ez dago Pablo Casado PPko buruzagiaren Zuzenbide Autonomikoko masterra horren zuzenbide ikasketekin baliozkotzeko epaimahaiaren edota baliozkotze-aktaren arrastorik.
Epaileak hainbat eskabide egin ditu azken egunotan Casadoren masterra ikertzeko prozesuan. PPko kideak apirilean azaldu zuenez, URJCk masterreko 60 kredituetatik 40 baliozkotu zizkion. Baliozkotze-prozesu horren agiriak helaraztea eskatu dio epaileak unibertsitateari, eta horren frogarik ez duela erantzun du orain Madrilgo unibertsitateak, eldiario.es egunkari digitalak gaur aurreratu duenez.
Unibertsitatearen informazio hori eskuan, PPko Komunikazio idazkariordea diputatua dela egiaztatzeko agiria eskatu dio Kongresuari. Casado foruduna denez, Auzitegi Gorenari dagokio auzia. Casado auzipetzeko nahikoa zantzu topatuko balu, Madrilgo epaileak eskaera arrazoitua bidali beharko lioke Gorenari.
Egunkari digitalak emandako informazioaren arabera, "2009ko otsailaren 3 hartan ikasleak bere Zuzenbide ikasketak baliozkotzeko eskaerarik egin ote zuen" galdetu zion epaileak unibertsitateari. Casadok halakorik eskatu ez zuela erantzun du URJCk, eta datua eman du horrekin lotuta: egun hartan bertan baliozkotu zizkioten kredituak.
Informazio horrez gain, "2011ko otsailaren 10ean Casadoren Zuzenbide ikasketak baliozkotzeko epaimahaia osatzen zuten pertsonen" inguruko datuak ere eskatu zizkion unibertsitateari, baita, halakorik balego bilera horren akta. Madrilgo unibertsitatearen erantzuna argia da: "Ez dago epaimahairen edota baliozkotze-aktaren arrastorik".
Casado: 'Masterra legezkoa da'
Filtrazio horien inguruan galdetu diote gaur PPko Komunikazio idazkariorde eta alderdia zuzentzeko hautagairi. Casadok nabarmendu du masterra legezkoa dela eta auzi honetan pairatzen ari den "defentsa-gabezia" salatu du, epaitegien jakinarazpenegatik baino, hedabideengatik duelako horren berri.
Azaldu duenez, baliozkotze-akta "agertu egin behar da", auziaren inguruko azalpenak eman zituenean berak horren kopia erakutsi zuelako, "unibertsitateak eduki beharko luke", erantsi du. "Esan zidaten ikasgaiz ikasgai baliozkotu beharrean, lizentziaturarekin baliozkotzen zela, Boloniagatik", argudiatu du.
Casadoren esanetan, "nik inork baino lehenago erakutsi nuen kopia, 60 kazetariren aurrean. Gardentasunez eta zorroztasunez jardun, eta ez da bidezkoa nire izen ona horrela zikintzen saiatzea. 15 urteko ibilbide politikoaren ostean hori bakarrik atera behar badute, hain txarto egin ez dudan seinale".
Salatu duenez, deigarria da informazio hori berak PP zuzentzeko hautagaitza aurkeztu duenean ateratzea. "Hain garrantzi mediatiko, akademiko eta legal txikia duen duela 10 urteko kontu bat atera dute", kritikatu du.
Casado, masterragatik azalpenak eman zituen agerraldian (2018ko apirilaren 10ean). EFE