Politika -
Senatua
Konstituzioak presoak gizarteratzea aurreikusten duela gogorarazi du Grande-Marlaskak
Zentsura-mozioan abertzaleen babesa lortzeko, presoen etorkizunaren inguruan “trikimainarik” ez zela izan adierazi du Barne ministroak.
Agentziak | Erredakzioa
Iraganean epaile bezala egindako lana eta ETAko terrorismoaren aurka zuzendutako ikerketak gogorarazi ditu Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak, terrorismoaren biktimak eta Konstituzioaren legezkotasun printzipioa baztertuko ez dituela agindu aurretik. Hala ere, Konstituzioak presoak gizarteratzea jasotzen duela azpimarratu du, horixe baita zigorren helburua.
Pedro Sanchez Moncloara eraman zuen zentsura-mozioan abertzaleen babesa lortzeko, presoen etorkizunaren inguruan “trikimainarik” ez zela izan adierazi du Grande-Marlaskak.
PPren exekutiboekin ETAko kide gehiago Euskal Herrira hurbildu direla jakinarazi du Barne-ministroak. Horren harian, Jorge Fernandez Diaz ministro ohiaren adierazpen batzuk gogoratu ditu, espresuki aipatu gabe. Presoen sakabanaketarekin amaitzea “ETAren eskuetan” zegoela esan zuen Fernandez Diazek, desegitearekin, alegia.
“Ez dugu inolako alarmarik sortu behar, zuzenbide estatu bat da hau, eta legezkotasun printzipioa zorrotz aplikatuko da. Nik dakidanez, Gobernuko presidenteak ez du inolako trikimainarik egin, zuzenbide estatuari eta terrorismoaren biktimei errespetua dielako”, azaldu du Grande-Marlaskak Senatuko kontrol saioan.
Hego Euskal Herrian ETAko kideei egiten zaizkien omenaldiekin kezkaturik agertu da Jose Cruz Perez Lapazaran PPko senataria, baita presoen aldarrikapenarekin ere, “trinkoa delako, desegin ez delako eta indarkeria gaitzetsi barik jarraitzen duelako”. “Zentsura-mozioari emandako babesaren truke abertzaleen aurrean amore emateko aukera” dela eta, kezkaturik dago PP, Lapazaranen arabera.
Estatuko Segurtasun Indarrek eta gizarteak ETA “formalki” desegitea lortu dutela esan du Grande-Marlaskak, hari erantzunez.
Errespetuagatik izenik eman ez badu ere, PPren gobernuekin presoen “lekualdaketa” gehiago egin dira, esan du. Horren arabera, “sakabanaketa politikarekin amaitzea ETAren eskuetan dago”, esan zuen Fernandez Diazek.
Tratamendu indibidualak eta gizarteratzeak espetxe sistema bereizten dutela esan du Barne ministroak TVEn egindako elkarrizketan. “Sakabanaketa oso positiboa eta beharrezkoa izan da, nazioarteko araudiak babestuta. Orain errealitatea bestelakoa da”, azaldu du Grande-Marlaskak.