Politika -
BILERA MONCLOAN
Legegintzaldia agortzeko elkarrekin lan egitera konprometitu dira Ortuzar eta Sanchez
Joan den asteazkenean Moncloan egin zuten bileran, autogobernuaz eta Gernikako Estatutuaren garapenaz hitz egiteko borondatea agertu zuten bi aldeek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente berriak bilera egin zuten joan den asteazkenean Moncloan eta iturri jeltzaleek jakinarazi dutenez, egonkortasun politikoa bermatzeko eta legegintzaldia agortzeko elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu zuten bi aldeek.
Bilerak bi ordutik gorako iraupena izan zuen, eta Sanchez Gobernuko presidente denetik bien artean egindako lehendabiziko batzarra da.
Hartutako konpromisoak ez du esan nahi, ordea, jeltzaleek sozialisten Aurrekontuak babestuko dituztenik. Jeltzaleen azaldu dutenez, PPren Gobernuarekin egin bezala, garaia heltzen denean hitz egingo dute Estatuko Aurrekontu Orokorren inguruan. Beraz, une honetan ez dago bermatuta jeltzaleek PSOEren kontuak babestea.
Halaber, kolaborazio hori beste esparru batzuetara ere zabalduko da, esaterako, PPren Gobernuak onartutako zenbait lege lehengoratzeko. Adibidez, EAJ Mozal legearen aurka agertu izan da eta memoria historikoaren alorrean ere akordioetara iritsi daitezke.
Asteazkeneko bileran autogobernuaz eta Gernikako Estatutuaren garapenaz hitz egiteko borondatea agertu zuten bi aldeek. Dena den, ez zuten konpromiso zehatzik hartu, izatekotan ere, Iñigo Urkullu lehendakariarekin hitz egiteko gaiak direlako.
Bilera Urkullurekin
Bestalde, Sanchezek Ortuzarri baieztatu zion idatzi gabeko araua errespetatuko duela eta Autonomia Estatutu zaharrena duen autonomia erkidegoko buruarekin elkartuko dela lehendabizi, hots, Urkullurekin. Bien arteko bilera laster izatea aurreikusten da, baina oraingoz ez dute datarik zehaztu.