Politika -

Katalunia

Torrentek Llarena salatu du legearen aurkako atxiloketa eta prebarikazioa egotzita

Kataluniako Parlamentuko presidentearen iritzian, buruzagi katalanak kartzelan mantenduta oinarrizko eskubideak urratzen ari da Gorena.

Torrent, artxiboko argazki batean. EFE
Roger Torrent. EFE
Torrent, artxiboko argazki batean. EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak salaketa jarri du gaur Pablo Llarena prozesu katalanaren auzia ikertzen ari diren epailaren eta Auzitegi Goreneko beste hiru magistratuen kontra, hainbat delitu egotzita. Hala nola, kartzelan edo atzerrian dauden diputatuen oinarrizko eskubideak urratzea, legearen kontrako atxiloketa, Parlamentuaren funtzionamenduari oztopo egitearen delitua eta prebarikazio judiziala.

Parlamentuko Mahaiak, JxCat eta ERC alderdien botoekin, erabaki zuen Llarena epaitegietan salatzea. Kereila aurkeztuko zutela iragarri zuten, baina azkenean salaketa jarri dute.

Goizean aurkeztu du salaketa Ganberako presidenteak. Idatziaren arabera, epaileok diputatuen oinarrizko eskubideak urratzen ari dira buruzagi katalanak badaezpadako kartzelaldian mantenduta. Gogorarazi dutenez, diputatuek immunitate parlamentarioa dute, eta beraz, aske beharko lukete hauteskundeetan aukeratuak izan ostean.

Are, espetxean mantenduta Llarenak "botere zatiketari, autogobernuari eta autonomia parlamentarioari" eraso dio. Torrentek argudiatu duenez, Kataluniako Parlamentuak antolatzeko autonomia eta bortxaezintasuna du. Hortaz, Generalitateko presidentea inbestitzeko eskubidea du beste erakundeen esku sartzerik gabe.

Kataluniako herriaren kontrako erasoa

"Diputatuen eskubideak mugatuta, horien eskubide subjektiboak urratzeaz gain, zuzentzen dudan erakundeari eraso diote, baita Kataluniako herriaren eskubideei ere. Izan ere, kataluniarrei euren ordezkaritza politikoa izateko eskubidea kendu zaie, eurek aukeratu dituzten pertsonei ez dietelako diputatu izaten utzi", azaldu du Torrentek salaketan.

Lau epaile horiei "objektibitate eta inpartzialtasun printzipioak behin eta berriz urratzea" egotzi die. Azaldu duenez, euren erabakietan "justiziatik kanpo dauden balorazioak, argi eta garbi politikoak" txertatu dituzte, eta horren adibidea aipatu du: Kataluniako herriaren erdiak eta ia espainiar guztiek sentituko luketen "kezka" argudio gisa erabiltzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak