Politika -

Auzitegi Nazionala

Fiskalak helegitea jarri dio 'Altsasu auzi'ko epaiari, terrorismoa izan zela iritzita

Lesio eta mehatxu terroristak egotzita, zortzi gazteentzat 12 eta 62 urteko kartzela zigorra eskatu zuen Ministerio Publikoak epaiketan.

Jose Perals Auzitegi Nazionaleko fiskala. ETBren bideo batetik ateratako argazkia
Jose Perals Auzitegi Nazionaleko fiskala. ETB
Fiskaltzak Altsasuko epaiari helegitea jarri dio terrorismoa ikusten baitu

1:46

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehengo lepotik du burua Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Horren ustez, 2016ko urriaren 15ean Altsasun izandako liskarrean terrorismo delituak egin zituzten zortzi gazteek. Hala, Auzitegi Nazionalak 'Altsasu auzia'ri buruz emandako epaiari helegitea jarri dio, iturri juridikoek jakinarazi dutenez.

Ministerio Publikoak epaiketan erabilitako argudioei eutsi die. Auzi-saioan zortzi akusatuentzat 12 urte eta erdi eta 62 urte eta erdiko kartzela zigorrak eskatu zituen, lesio eta mehatxu terroristak egotzita.

Bestelako iritzia azaldu zuen Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. Sekzioak bere epaian. Bi eta 13 urte bitarteko zigorra ezarri zien Altsasukoei, baina ez zuen terrorismo zantzurik ikusi gertakarietan. Hori bai, zigor handiak ezarri zizkien gazteei, agenteen kontrako atentatua, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak leporatuta.

Terrorismoa baztertu zuen Epaimahaiak, "ez baita guztiz frogatua geratu ekintzaren helburu terrorista, ezta akusatuek ETArekin duten lotura edo partaidetza", epaian argudiatu zuenez.

Barkos, larunbateko manifestaziora dela eta

Altsasuko gurasoek deituta, manifestazioa dago larunbatean Iruñean epaiaren "neurrigabekeria" salatzeko. Nafarroako Gobernuak ordezkaritza bidaliko duela esana du. Horren kontura galdetu dio gaur PSNk Uxue Barkos Nafarroako presidenteari.

Buruzagi nafarrak erantzun duenez, Foru Gobernuak bere desadostasuna azaltzeko "eskubidea eta betebeharra" du, baita "proportzionaltasun falta salatzeko gizartearen zati handi bati laguntzekoa ere".

Barkosen hitzetan, "epaiak onartu eta errespetatzen ditugu, baina demokrazian desadostasuna ere ager dezakegu, eta horixe egin du Gobernu honek, proportzionaltasunarekin arduratuta baitago".

Nafarroako presidenteak nabarmendu du erakundeen egitekoa dela "errealitatearekin bat egiten ez duen erreakzio baten aurrean duen jarrera erakustea".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Altsasu Gazteak gaur