Politika -
Sanchezen gobernu berria
Maxim Huerta Kultura ministroa iruzur fiskalagatik zigortu zuten 2017an
Egunkari batek jakinarazi duenez, Ogasunari 243.000 euro ordaindu behar izan zizkion hiru ekitalditan iruzur egitea egotzita. Ministroak esan duenez, ez du dimisiorik emango, zegokiona pagatu zuelako.
Agentzia | Erredakzioa
Maxim Huerta Espainiako Gobernuko Kultura eta Kirol ministroa 2017an zigortu zuten iruzur fiskala egotzita. Hiru ekitaldi fiskaletan (2006, 2007, 2008) Ogasunari zegokiona (guztira, 218.332 euro) ez ordaintzea egotzi zioten, eta 243.000 euro pagatzera (zorra, isuna eta interesak barne) zigortu zuten iaz, El Confidencial egunkari digitalak gaur jakinarazi duenez.
Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak 2017ko maiatzean emandako bi epai jasotzen ditu informazio horrek. Ebazpenetan, 2006, 2007 eta 2008 ekitaldi fiskaletan zegokiona ordaindu ez zuela ondorioztatu zuen Auzitegiak. Errenta aitorpena Almaximo Profesionales de la Imagen sozietate mugatuaren bidez egin zuen Huertak: 2006an sortu zuen eta bera zen akziodun eta administrari bakarra.
Epaion arabera, Huertak 43.770 euro kendu zituen 2006an jarduera artistikoengatik; 80.481 euro, 2007an, eta, 24.451 euro, 2008an. Lan-etekinengatik aitortutakoa honakoa izan zen hiru ekitaldietan: 44.400, 43.065 eta 60.000 euro, hurrenez hurren. Guztira, 798.520 eurori zegokiona ordaindu zuen, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergagatik (PFEZ), 21.860 euro pagatu zituen.
Egun Kultura ministro denak Sozietateen gaineko zergari zegokiona ordaindu zuen (atxikipen tasa % 25ekoa da), ez PFEZri zegokion guztia (atxikipen tasa askoz handiagoa du: % 48).
Epaileek frogatutzat jo zuten Huertak "atxikipen tasa altuak ordaintzea saihestu" eta "gastuen zatia bidegabe puztu" zuela.
Huerta: "Ordaindu nuen zegokidana, auzia itxita dago"
Onda Cero irrati katean elkarrizketa egin diote gaur Maxim Huerta Kultura eta Kirol ministroari. Agerkari digitalak kaleratutakoaz galdetu diotenean, garrantzia kendu dio eta bere zerga betebeharrak betetzen dituela nabarmendu du, "ez dut inongo zalantza edo gatazka moralik", erantsi du. Huertaren esanetan, "ordaindu nuen zegokidana, auzia itxita dago".
Esan duenez, ez du dimisiorik emango, ministro izan aurretik zigortu zutelako, telebista aurkezle zen garaian.
"Auzi hau ez dagokio Kultura ministroari, Maxim Huertaren kontu bat da, duela urte batzuetakoa. Irizpidea aldatu zuten, eta herritar gisa nuen erantzukizuna bete nuen, horrelaxe gertatu zitzaien ehunka kazetari, sortzaile eta artistari", argudiatu du.
Espainiako Gobernua Kultura ministroarekin harremanetan jarri da informazio horien inguruan azalpenak eman diezazkion. Exekutiboaren bozeramaile baten hitzetan, egunean zehar argituko dute auzia.