Politika -

Noos auzia

Gorenak zigorra murriztu dio Urdangarini, baina kartzelan sartzeko zorian utzi du

Lehen instantzian Palmako Auzitegiak jarritako zigorra 5 hilabetean arindu dio Zigor Aretoak. Orain, Palmako Auzitegiak erabakiko du espetxera bidali ala ez.

Iñaki Urdangarin. Artxiboko argazkia: EFE
Iñaki Urdangarin. Artxiboko argazkia: EFE
5 urte eta 10 hilabeteko espetxe zigorra Iñaki Urdangarinentzat

1:36

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak aho batez berretsi du Iñaki Urdangarinen kontrako espetxe zigorra. Hala ere, Noos auziagatik lehen instantzian ezarri zioten 6 urte eta 3 hilabeteko kartzela zigorra bost hilabetean arindu du. Guztira, 5 urte eta 10 hilabete. Palmako Auzitegiak prebarikazio delitua, diru publikoa bidegabe erabiltzea, dokumentu publikoak faltsutzea, influentzia trafikoa eta Ogasun Publikoaren kontrako bi delitu leporatu zizkion lehen instantzian.

Gorenak dokumentu publikoak faltsutzearen delitutik absolbitu du Urdangarin, bere parte-hartzea ez dela frogatu argudiatuta. Hori dela eta, zigorra bost hilabete murriztu dio.

Kartzela zigorraz gain, Urdangarinek milioi bat euro inguru ordaindu beharko du isunak eta kalte-ordainak aintzat hartuta.

Zigor Aretoaren epaiak kartzelan sartzeko zorian utzi du Urdangarin. Espetxea ekiditeko Konstituzio Auzitegira jo eta babes helegitea aurkeztu dezake Urdangarinen defentsak. Balizko babes helegiteari buruzko erabakia hartzen duen bitartean zigorra gauzatzea edo behin-behinean bertan behera uztea erabaki dezake Konstituzionalak. Ikusteke dago zer ebatziko duen, baina oro har 5-6 urtean egon ohi da bat edo bestea erabakitzeko muga.

Lehen instantzian Urdangarinen kontrako zigorra ebatzi zuen Palmako Auzitegiak erabakiko du Felipe VI.a erregearen koinatua kartzelara bidali edo ez. Oso litekeena da fiskalak saio bat deitzea kautelazko neurriak berrikusteko, eta ezustekorik ezean, fiskalak behin-behineko espetxealdia eskatuko du Urdangarinentzat. Eskaera horren aurrean, Konstituzionalak balizko babes helegitea aztertu bitartean espetxera ez bidaltzea edo berehala kartzelan sartzea erabaki dezake. Gaur-gaurkoz, Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak epaiaren berri eman dio Palma Auzitegiari.

Espainiako Errege Etxeak Botere Judizialarekiko errespetua berretsi du

Gorenaren epaia ezagutu ostean, Botere Judizialaren independentziarekiko "erabateko errespetua" berretsi du Espainiako Errege Etxeak. Hala adierazi dute Zarzuelako iturriek.

Noos auzian zigortutako besteak

Auzitegi Gorenak zigorra arindu dio Diego Torresi, Iñaki Urdangarinen bazkide ohiari: 8 urte eta erditik 5 urte eta zortzi hilabetera. Bien bitartean, Jaume Matas Balear Uharteetako presidente ohiari 3 urte eta zortzi hilabeteko zigorra berretsi dio.

Gorenak dirua bidegabe erabiltzeagatik, prebarikazioagatik eta administrazioari iruzurra egiteagatik zigortu du Diego Torres; aitzitik, influentzia trafiko, diru-zuritze eta dokumentuak faltsutze delituengatik absolbitu du. Gainera, 1,72 milioi euroko isuna 750.000 eurora murriztu dio.

Jaume Matasi dagokionez, Palmako Auzitegiak ezarritako zigorra berretsi du Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak. Zehazki, 3 urte eta zortzi hilabeteko zigorra ezarri dio prebarikazioagatik, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik eta administrazioari iruzur egiteagatik. Horrez gain, zazpi urteko gaitasungabetzea ere jarri dio.

Hauek dira Noos auzian zigortutako gainerakoak:

Jose Luis "Pepote" Ballester, Balear Uharteetako Kirol zuzendari nagusi ohia: 15 hilabete eta bi eguneko kartzela zigorra, isunarekin ordezkatu daitekeena.

Gonzalo Bernal, Illesporteko gerente oha: 15 hilabete eta bi eguneko kartzela zigorra, isunarekin ordezkatu daitekeena.

Juan Carlos Alia, Ibatur Balear Uharteetako Turismo Institutuko zuzendari ohia: Urtebete eta bi eguneko kartzela zigorra, isunarekin ordezkatu daitekeena.

Miguel Angel Bonet, Ibaturreko idazkari ohia: Urtebete eta bi eguneko kartzela zigorra, isunarekin ordezkatu daitekeena.

Cristina Borboikoa: 136.950 euroko isuna erantzukizun zibil gisa. Hala ere, delitu fiskalengatik egozten zioten erantzukizuna bertan behera utzi du Gorenak.

Ana Maria Tejeiro, Diego Torresen emaztea: 172.384 euroko isuna erantzukizun zibil gisa. Hala ere, delitu fiskalengatik egozten zioten erantzukizuna bertan behera utzi du Gorenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia errege familia Iñaki Urdangarin albisteak Politika albisteak Delituak azken ordukoa Epaiketak bideoak Ustelkeria politikoa azken albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Espetxeak