Politika -
Ikerketa batzordea Kongresuan
PPren 'B kutxa' ukatu du Cospedalek, eta PSOEri kereila batekin egin dio mehatxu
Alderdi Popularreko idazkari nagusi eta Defentsa ministroak azpimarratu duenez, 'kontabilitate irregular hori, izatekotan, Barcenasena zen, ez PPrena'.
Agentzia | Erredakzioa
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusi eta Defentsa ministroak ukatu du bere alderdiak 'B kutxa' eduki zuela eta berak gainsoldatarik kobratu zuela.
Cospedal Diputatuen Kongresuan agerraldia eskaintzen ari da gaur, Alderdi Popularraren ustezko finantzazio irregularra ikertzeko sortutako batzordean.
"Faltsua da nik gainsoldatarik jaso dudanik, eta horrek kontularitza batekin harremana duenik. Izatekotan Barcenasen kontabilitatea zen, ez Alderdi Popularrarena", azpimarratu du.
Alderdi Popularraren 'bigarrenak' akusazio guztiak ukatu, eta Gurtel auziaren epaiaren argudioak kritikatu ditu. Cospedalen ustez, Pablo Ruz epaileak Mariano Rajoyren testigantzari sinesgarritasuna kentzea "juridikotik gutxi du" eta "oso alderdikoia" da.
"Bere argudioen kontrakoa delako epaile batek lekuko bati sinesgarritasuna kentzea juridikotik gutxi duela uste dut, oso alderdikoia da. Auzitegi Nazionalari errespetu osoa diot, baina ez nago ados eta horregatik helegitea aurkeztuko dugu", adierazi du.
Cospedalek eta PPko beste pol¡tikari batzuek epaiketan gezurra esan zutela eta epaiak horrela ebatzi duela adierazi du Artemi Rallo PSOEko diputatuak. Horren aurrean, PPko idazkari nagusiak azpimarratu du berak ez duela gezurrik esan, eta Rallori eskatu dio adierazpen horiek "kanpoan egiteko", berak kereila jarri ahal izateko.
"Nik ez diot gezurrik esan Ruz epaileari, ezta orain ere", nabarmendu du, eta ikerketa batzordea Alderdi Popularra "lintxatzeko" erabiltzea egotzi dio diputatu sozialistari.
Rallok erantzun dio kereilekin mehatxu egitea "bide txarra" dela, eta Cifuentesen eta Campsen adibideak aipatu dizkio. Cospedalek erantzun du berak Luis Barcenasen kontrako kereila jarri zuela eta irabazi zuela.