Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Urkullu ziur dago 155. artikulua altxatuko dela Katalunian

Estatuko Aurrekontuak PPrekin adosteagatik EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek EAJri egindako kritikei erantzun die lehendakariak. Azpimarratu duenez, jeltzaleen babesa 'ez da txeke zuri bat izango'.

Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria Katalunian egun indarrean dagoen 155. artikulua altxatuko dela sinetsita dago. Ostiral honetan azaldu duenez, EAJk 2018ko Estatuko Aurrekontuei emandako babesari esker Kataluniarentzako konponbide bat aurkitzeko gaitasuna bere horretan mantentzen da. Are gehiago, aurrekonturik gabe ate guztiak itxita zeudela azpimarratu du.

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Espainiako Aurrekontuak "Europako alderdi ustelenarekin" adostea aurpegiratu dio EH Bilduk EAJri.

Lehendakariak Maddalen Iriarte EH Bilduk Legebiltzarrean duen bozeramaileari erantzun dionez, akordio ezaren ondorioak "konfrontazioa, ezegonkortasuna eta segur aski hauteskundeak" izango ziren. Gaineratu duenez, Aurrekontuak ez babesteak 155. artikulua "mugarik gabe" luzatzea ere ekarriko zuen.

Hala eta guztiz ere Urkulluk nabarmendu duenez, jeltzaleen babesa "ez da txeke zuri bat izango" PPren Gobernuarentzat. "Alderantziz, Katalunian adostutako konponbidea izateko aukera bat zabaltzen du", gaineratu du. "Akordio honi esker elkarrizketaren bitartez Kataluniarentzako konponbide bat aurkitzeko gaitasuna mantentzen da", aldarrikatu du.

"Ba al zegoen beste alternatibarik mahai gainean?", galdetu dio Urkulluk EH Bilduri. Lehendakariaren esanetan, jeltzaleek Estatuko Aurrekontuei emandako babesa positiboa da Euskadirentzat eta herritarrentzat. Gaineratu duenez, positiboa da baita ere pentsiodunentzat, berdintasunarentzat, egonkortasunarentzat eta enplegu sorrerarentzat.

Maddalen Iriartek, ostera, PP alderdi "ustelari" arnasa ematea aurpegiratu dio EAJri. Salatu duenez, EAJk Mariano Rajoyren Gobernua salbatu du beste behin, Ciudadanos eta UPNrekin batera. Horrez gain, emandako hitza ez betetzea egotzi dio EAJri, hain zuzen ere, 155. artikulua Katalunian indarrean zegoen bitartean Estatuko Aurrekontuak ez zituela negoziatuko hitzeman zuelako. "Ez zarete zintzoak izan", esan du. Iriarteren iritziz, alternatiba akordioari ezetz esatea eta,  horrenbestez, ustelkeriari eta askatasun eta eskubideen murrizketari ezetz esatea zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Politika Iñigo Urkullu biografia Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra Espainiako Gobernua bideoak Espainia albisteak Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa