Politika -

DIPUTATUEN KONGRESOA

EAJk Espainiako Aurrekontuak babestuko ditu azkenean, 'arduragatik'

Euzkadi Buru Batzarrak azaldu duenez, Euskadiren interesak alderdiaren interesen gainetik jarri ditu. Halaber, Katalunian 155. artikulua indargabetzea bultzatzeko modurik eraginkorrena dela uste du.

Aitor Esteban eta Cristobal Montoro Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE
Aitor Esteban eta Cristobal Montoro Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE
Aurrekontuak babestea ez dela erabaki erraza izan aitortu du EAJk

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJren Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) iragarri duenez, bost diputatu jeltzaleek Espainiako Aurrekontuak babestearen aldeko botoa emango dute gaur Espainiako Diputatuen Kongresuan, nahiz eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua indarrean dagoen Katalunian. Ohar batean jeltzaleek azaldu dutenez, "arduraz" hartu dute erabakia, "Euskadiren interesak alderdiaren interesen gainetik jarriz".

Katalunian 155. artikulua epe laburrean indargabetzea bultzatzeko egin daitekeen urratsa dela irizten diote jeltzaleek, "ekidin ezina ez ezik", berehala gertatuko dela espero dutena.

EBBren esanetan, "amildegia" saihesteaz gain, Kataluniarentzat elkarrizketa bidezko konponbidearen alde eragiteko gaitasuna ez galtzea ahalbidetzen dio erabaki horrek.

"Azken hilabeteotan, EAJ-PNVko buruzagi eta bozeramaileek, EBB honek barne, muzin egin diogu, behin eta berriz, 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak negoziatzeari, 155. artikulua Katalunian indarrean jarraitzen zuen bitartean, eta hauxe printzipio kontua zela baieztatu izan dugu. Jarrera honi eutsi izan diogu gaur arte erantzukizunez jokatzeko: ulertzen genuen eta ulertzen dugu Kataluniarekin arduraz jokatu nahi badugu, baina batez ere Euskadiko autogobernuarekin erantzukizunez jokatu nahi badugu, Estatuan 'kontrapisu' gisa jardun behar genuela 155.aren indargabetzea bultzatzeko", azaldu du.

Alderdi jeltzalearen iritziz, egoera hori aldatu egin da azken egunotan: "Kataluniako Generalitatak President legitimoa dauka honezkero, Parlamentaren gehiengo osoak aukeratua, eta 155. artikulua indargabe geratzea oso hurbil dago". "Testuinguru berri honetan, erantzukizun printzipio horrek Aurrekontuak ez blokeatzera garamatza", azpimarratu du.

Bost arrazoi

EAJk bost arrazoi nagusi aipatu ditu. Lehendabizikoa, 155. artikuluak iraungitze-data daukala. Bigarrena, Aurrekontuen blokeoak amildegirantz bultzatuko lukeela, jeltzaleen iritziz, Espainia eta Kataluniako egoera politikoa. Hirugarren tokian, Kataluniarentzat elkarrizketa bidezko konponbidearen alde eragiteko gaitasuna ez galtzea aipatu du. Laugarren argudioan pentsiodunak gogoan izan ditu eta Estatuko pentsiodun guztien pentsioak igotzeko lorturiko akordioa aldarrikatu du. Bosgarren eta azken arrazoi gisara, ostera, euskal agendarekiko eta Euskadiko garapen eta modernizazioarekin hitzemandako konpromisoa azpimarratu du.

Bozketa Diputatuen Kongresuan

Diputatuen Kongresuan gaur egingo dute 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorren azken bozketa, eta jeltzaleen baiezko botoa baieztatuta, Aurrekontuen tramitazioak bere bidea egiten jarraituko du Senatuan.

Ganberaren argi berdea jaso ostean, Senatura iritsiko dira Aurrekontuak. Goiko Ganberan gehiengo osoa du Alderdi Popularrak, eta han ez da oztoporik espero.

Dena ondo bidean, ekaina amaieran sartuko dira indarrean 2018ko Aurrekontuok, 2017tik luzatuta daudenak ordezkatuz. Kongresuak ekainaren 26 eta 28 artean egingo den bilkuran berretsi beharko ditu, behin betikoz.

BIDEOA | EH Bilduk esan du agerian geratu dela EAJ ez dela fidatzekoa

 

EH Bilduren ustez, argi geratu da EAJ 'ez dela fidatzekoa'
EH Bilduren ustez, argi geratu da EAJ 'ez dela fidatzekoa'
EH Bilduren ustez, argi geratu da EAJ 'ez dela fidatzekoa'

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Berriak Politika PNV-EAJ Espainiako Gobernua argazkiak Espainia argazkiak Alderdi politikoak berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Aurrekontu Orokorrak