Politika -

Auzitegi Gorena

Turull eta Rull kontseilarigaiak aske uztea errefusatu du Llarenak

Goreneko epailearen iritzian, 'delitua berriz egiteko arriskuak gora egin du' Torra presidenteak adierazitako 'asmo independentistak kontuan hartuta'.

Turull eta Rull, artxiboko irudi batean. EFE
Jordi Turull eta Josep Rull. EFE
Turull eta Rull, artxiboko irudi batean. EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jordi Turullek eta Josep Rullek ezingo dute bihar Kataluniako Gobernua osatzeko deituta dagoen ekitaldian egon, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak errefusatu baitu horiek aske uzteko baimena. Turull eta Rull kontseilari izendatu nahi zituen Quim Torra presidenteak, baina Llarenak espetxean mantendu ditu "Torrak adierazitako asmo independentistak kontuan hartuta, delitua berriz egiteko arriskuak gora egin" duela argudiatuta.

Martxotik badaezpadako kartzelaldian daude Turull eta Rull. Politikariak espetxean sartzeko argudiatu zuen "delitua berriz egiteko arriskua" bere horretan edo handitu egin dela uste du Llarenak.

Epailearen hitzetan, "Quim Torra presidente berriak publikoki esan du Kataluniako errepublika independentea bultzatuko duela".

Autoan gogorarazi duenez, biak aske uztea baztertu zuen duela bost egun Gorenaren Apelazio Aretoak, eta ordudanik "delitua berriz egiteko arriskua neurtzeko parametroak   ez dira aldatu".

Llarenaren aburuz, "auzipetuak Kataluniako Gobernura itzuliko balira, saihestu nahi den delitua berriro egiteko arriskua bultzatuko genuke, presidenteak legez kontrakoa den errepublika independentea sustatzeko konpromisoa agertu baitu".

Aske uzteko eskaeran Rullen eta Turullen abokatuek adierazi dutenez, euren bezeroek ez dute delitua berriz egiteko asmorik, eta egitekotan, Llarenak kartzelara berriro bidal ditzakeela argudiatu dute.

Horri erantzunez, ihes egiteko arriskua aipatu du epaileak, eta Gobernukide ohi batzuk atzerrira joan izana eurentzat "aurrekari kaltegarria" dela erantsi du. Belgikan dauden kontseilari ohiek bezala, babesten dituen antolatutako egitura bat eta nazioarteko kontaktuak dituzte Rullek eta Turullek, Llarenak gogorarazi duenez.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès