Politika -

KATALUNIA

Puigdemont matxinadagatik estraditatzea baztertu du berriro Alemaniako Justiziak

Fiskaltzaren maiatzaren 9ko eskaerari erantzun dio Schleswig-Holsteingo Auzitegiak. Apirilaren 5ean esandakoa berretsi du, hots, matxinadagatik egindako estradizio eskaera onartzea ezinezkoa dela.

Carles Puigdemont. Artxiboko argazkia: EFE
Carles Puigdemont. Artxiboko argazkia: EFE
Carles Puigdemont. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Schleswig-Holstein herriko Lurralde Auzitegiak Carles Puigdemont matxinada delituagatik Espainiara estraditatzea baztertu du berriro.

Gaur jakinarazi duen erabakia Fiskaltzak maiatzaren 9an egindako eskaerari emandako erantzuna da. Zehazki, apirilaren 5ean esandakoa berretsi du, hots, matxinadagatik egindako estradizio eskaera onartzea ezinezkoa dela. Espainiako justiziak bidalitako informazio gehigarria aztertu ostean hartu du erabakia.

Apirilaren 5ean 75.000 euroko bermea ordainduta Puigdemont aske uztea erabaki eta matxinada delitua baztertu zuen. Nolanahi ere, estradizio prozesuak aurrera jarraitzen du; izan ere, Puigdemonti diru publikoa bidegabe erabili izana egotzi diezaiokete. Espainiako Justiziak Puigdemont matxinada delituagatik eta dirua bidegabe erabiltzeagatik estraditatzea eskatu zuen. Alemaniako Fiskaltzak, bere aldetik, Espainiako justiziaren informazio osagarria baliatuta, Puigdemont atxilotzeko eskaera berri bat egin zuen maiatzaren 9an.

Idatzi horretan Puigdemont atxilotzeko eskatzen zuen Alemaniako Fiskaltzak, ihes egiteko arriskua zegoela iritzita. Auzitegiak, ordea, Puigdemont atxilotzeko eskaria eta matxinadagatik estraditatzeko eskaera baztertu ditu.

Schleswig-Holstein herriko Lurralde Auzitegiaren erabakia ezagutu den egun berean jakin da Alemaniako Fiskaltza Puigdemonten estradizioari buruzko eskari berri bat prestatzen ari dela. Eskari hori aste honen amaieran aurkeztuko dute, azkarrenera jota.

Alemaniako Fiskaltzak Puigdemont matxinada delituagatik estraditatzea eskatuko du berriro

Carles Puigdemont matxinadagatik eta ordena publikoa urratzeagatik estraditatzea eskatuko dio berriro Alemaniako Fiskaltzak Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiari, Espainiako Justiziak aurkeztutako dokumentu berriak aztertu ostean.

Fiskaltzako iturriek gaur jakinarazi dutenez, Schleswig-Holsteingo auzitegiaren gaurko erabakia kontuan hartuko dute eskaera berria egiterakoan. Wiebke Hoffelner fiskalak EFE albiste agentziari kontatu dionez, Fiskaltza ez da "hitzez hitz" aurreko eskaera kopiatzen ari.

Jaume Alonso-Cuevillas Carles Puigdemonten abokatua itxaropentsu agertu da, eta Schleswig-Holsteingo Auzitegiak, Belgikako Justiziaren bideari jarraiki, estradizio eskaera baztertzea espero du.

"Lasai! Fiskaltzak Estatuaren posizioa bere gain hartzea ohikoa da. Fiskaltzak eskatu egiten du eta Auzitegiak erabaki. Orain kontraesan-prozedura abiatuko dugu, Belgikan bezala. Eta emaitza antzekoa izatea espero dugu", adierazi du Twitterren duen kontuan argitaratutako mezuan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Nazioarteko albisteak Espainia bideoak Alemania albisteak Eguneko albisteak Albisteak Puigdemont azken albisteak