Politika -

PRESOAK

Espainiak ETAko 40 presori buruzko informazioa eskatu die espetxe zuzendariei

Barne Ministerioak ohar bidez azpimarratu duenez, eskaeraren helburu bakarra presoen datu basea eguneratzea da. Halaber, ukatu egin du kartzela politikan inongo aldaketarik egongo dela.

ETBren artxiboko irudietatik ateratako pantaila-irudia.
ETBren artxiboko irudietatik ateratako pantaila-irudia.
ETAko presoei buruzko informazioa eskatu die espetxeei Barne Ministroak

1:42

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak bigarren graduan edo larri gaixorik dauden ETAko 40 presori buruzko informazioa eskatu die preso dauden espetxeetako zuzendariei, El Pais egunkariak eta Vocento taldeko hedabideek gaur zabaldutako informazioaren arabera. Egunkari horien esanetan, Espainiako Barne Ministerioa preso horiek gerturatzea aztertzen ari da. Hala eta guztiz ere, Barne Ministerioak informazioa eskatu besterik ez zuela egin eta espetxe politikan ez dela inolako aldaketarik izango azpimarratu du ohar batean.

ETAren amaieraren berri izan aurretik, otsailean bidali zituen mezu horiek, eta bigarren graduan dauden 29 presori eta larri gaixorik dauden 11 presori buruzko datuak eskatu zituen. Gaur argitaratutako informazioaren arabera, preso horiek gizarteratzeko zer pauso emateko prest egon litezkeen galdetu zuten mezu horretan.

Datu basea eguneratzeko

Gaur argitaratutako informazioen ondotik, Espainiako Barne Ministerioak oharra bidali du. Bertan azaldu duenez, otsailaren 23an espetxe guztietako arduradunei igorritako mezu elektronikoaren helburu bakarra presoen datu basea eguneratzea zen.

Barne Ministerioak gaineratu duenez, martxoaren 8an beste mezu elektroniko bat bidali zien espetxe guztietako zuzendariei, galdera parlamentario baterako informazio eske.

Espainiako Gobernuaren hitzetan, horrelako eskariak ez dira ezohikoak, eta aspaldidanik egin ohi dira, presoen inguruko datuak gaurkotzeko zein Parlamentuko galderei erantzun ahal izateko.

Bestalde, Barne Ministerioak ukatu egin du informazio eskaera 40 preso horiek dauden espetxeetara bakarrik bidali zela, eta eskaera orokorra izan zela azaldu du.

Amaitzeko, ETAren hilketak ikertzen, kausak dituzten pertsonak atxilotzen, delituak epaitzen eta zigorrak betearazten jarraituko dutela zehaztu du. "Ez da inpunitaterik egongo eta terroristek ez dute orain ezer lortuko, hiltzeari utzi ziotenean ezer lortu ez zuten bezala", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Espainiako Gobernua Espainia bideoak Presoak albisteak ETA Albisteak Gaur Eguneko albisteak Espetxeen azken ordukoa