Politika -
POLIZIA OPERAZIOA
Durangoko eta Bilboko bi bizilagun atxilotuta jihadismoaren kontrako operazio batean
Abadiñon eta Lorcan (Murtzia) atzeman dituzte, hurrenez hurren. Kide berriak erakartzea eta horiek trebatzea leporatzen diete guztiei.
EITB.EUS
Espainiako Poliziak ustezko jihadista bat atxilotu du gaur Abadiñon, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Atxilotua 33 urteko gizonezko marokoarra da eta Durangoko harrera etxe batean bizi zen.
Poliziak hiru orduz miatu du Durangoko etxe hori, atxilotua bertan zela. Ikerketako iturrien arabera, agenteek hainbat kutxa atera dituzte atzemandako materialarekin. Miaketa amaitutakoan, atxilotua Madrilera eraman dute.
Espainiako Poliziak Marokoko agintariekin elkarlanean egindako operazioan, beste lau pertsona ere atxilotu dituzte: bat Lorcan (Murtzia) eta hiru Marokon. Kide berriak erakartzea, trebatzea eta Europan atentatuak egiteko deia egitea leporatzen diete guztiei.
Lorcan atxilotutako gizonezkoa, 21 urteko senegaldarra, Bilbon bizi zen eta atxiloketaren unean herrikide batzuen etxean ei zegoen.
Marokoko Barne Ministerioak emandako informazioaren arabera, Poliziak arma zuriak, gailu elektronikoak eta kamuflajeko arropa atzeman dizkie atxilotuei.
Ikerketa 3. Instrukzioko Epaitegi Zentralaren zuzendaritzapean eta Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzarekin koordinatuta egin da.
Polizia operazioak zabalik jarraitzen du.