Politika -
NAFARROA
Eskoletan 'terrorismoaren historia' irakastearen alde agertu da Foru Parlamentua
Ikastetxe publiko zein kontzertatuetan ikasgai hori bultzatzeko konpromisoa hartu du Nafarroako Parlamentuak. EH Bilduk ez beste Legebiltzarreko alderdi guztiek babestu dute adierazpena.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako hezkuntza zentroetan terrorismoaren historia irakasteko konpromisoa hartu du Parlamentuak, adierazpen instituzional baten bitartez. EH Bilduk ez beste alderdi politiko guztiek babestu dute adierazpena (EH Bildu abstenitu egin da).
Parlamentuko Mahaiaren bileraren eta Bozeramaileen Batzordearen ostean eman dute horren berri alderdi politikoetako ordezkariek. Nafarroako Alderdi Popularrak (PPN) eraman du proposamena eta Legebiltzarreko alderdi guztiek babestu dute adierazpena, EH Bilduk izan ezik. Koalizioaren iritziz, errepikakorra da, hain zuzen ere, duela urtebete antzerako ekimen bat onartu zelako Parlamentuan. Horrez gain, ildo horretan ikasgeletan benetako pausoak eman direla uste du.
Gaur onartutako testuaren bitartez, terrorismoaren historia eta, bereziki, ETAren terrorismoaren historia Nafarroako ikastetxe publiko zein kontzertatuetan irakas dadin lan egiteko konpromisoa hartu du Parlamentuak.
Adierazpen instituzionalak hiru ildo finkatzen ditu: gertatutakoaren kontakizuna ez okertzea, biktimak berriro ere biktima ez bihurtzea eta belaunaldi berriek ETAk bere ibilbidean 850 pertsona hil zituela jakitea.