Politika -
MEMORIA HISTORIKOA
Eroritakoen Haranetik lehen gorpuzkiak ateratzen hasi dira
Epai baten harira, Manuel eta Antonio Lapeña anaia errepublikarren eta Pedro Gil Calonge eta Juan Gonzalez Moreno bando nazionaleko bi kideren gorpuak hobitik ateratzeko lanak hasi dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eroritakoen Haranetik lau gorpuzki ateratzeko atariko lanak hasi dituzte astelehen honetan, Escorialeko epaitegiak ebatzitako epaiaren ostean.
Eduardo Sanz gorpuak hobitik ateratzeko eskatu duten familien abokatuak berak baieztatu duenez, lanak 09:30ean hasi dira. CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiaren menpeko diren Torroja Institutuko teknikoek egingo dituzte deshobiratze lanak.
Lehenik eta behin, kriptako hezurtokiaren egoera aztertuko dute eta, gero, txosten tekniko bat egingo dute kokapena adieraziz eta ustez gorpuzkiak dauden tokira nola iritsi zehaztuz.
Epaitegi batek eman zuen baimena Manuel eta Antonio Lapeña, 1936an fusilatu zituzten bi anaia errepublikar, eta Pedro Gil Calonge eta Juan Gonzalez Moreno bando nazionaleko bi kideren gorpuak ateratzeko.
Familien abokatuaren esanetan, gaurkoa egun historikoa izango da "lehen aldia" izango baita "Espainiako gizartea bere osotasunean lekuko dela" barrutira sartzen dena.
Lau horien deshobiratzea ahalbideratuko duen epaiak beste askori ere atea irekiko diela uste dute han lurperatuta dauden zenbaiten senideek. Guztira, 30.000 lagunen gorpuzkiak daudela uste da.