Politika -
MOBILIZAZIO ERRALDOIA
Ekainaren 10eko giza-katearen mapa aurkeztu du Gure Esku Dagok
100.000 pertsona beharko dira, gutxienez, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza-katea osatzeko. Lehenbailehen izen ematera deitu ditu herritarrak.
EITB.EUS
Gure Esku Dagok publiko egin du ekainaren 10eko mobilizazioaren behin betiko ibilbidea, eta lekua ziurtatzeko eta antolakuntza lanak errazteko, lehenbailehen izena ematera deitu ditu herritarrak.
Donostiatik abiatu, Bilbotik pasa eta Gasteizen amaituko den giza kateak badu behin betiko ibilbidea: zein herritatik igarotzen den eta zein herriri zein kilometro egokitzen zaion jasotzen duen mapa zabaldu du herri mugimenduak.
Nork bere herrian egongo diren gune berezietan eman daiteke izena, eta internetez egiteko aukera ere zabalik dago.
"Euskal Herrian inoiz egin den mobilizaziorik handiena" egin nahi du Gure Esku Dago ekimenak. "Euskal gizartean aro berri bat irekitzeko baldintzak" erein nahi dituztela esan zuen Angel Oiarbide Gure Esku Dagoren bozeramaileak ekimenaren aurkezpenean.
2018an erabakitzeko eskubidearen aldeko "urrats esanguratsuak" emango direla uste du Gure Esku Dagok, eta bide horretan herritarrek protagonismo handia izango dutela. "Herritarron Ituna, herri galdeketak eta ekainaren 10eko mobilizazioa. Hiru lan ildo horiek garatuko ditu Gure Esku Dagok 2018an, erabakitzeko eskubidearen aldeko urrats esanguratsuak emateko determinazioarekin", esan du herri ekimenak.
Aurreko asteburuan aritu ziren ekainaren 10eko giza-katearen bideoklipa grabatzen Donostian eta Usurbilen.
Urtarrilaren amaieran, giza-katean parte hartuko duela iragarri zuen EAJk.
DOKUMENTUA: Kontsultatu PDF honetan ekainaren 10eko giza-katearen mapa, herriz herri.