Politika -

ETA-REN AGIRIARI ERREAKZIOAK

Egoerak eskatzen duen neurriko jarrera falta zaiola EAJri esan du Otegik

"Pilota beti teilatu berean jartzeko dinamika antzu horretatik ez da mugitzen, eta, bitartean, aurrekontuak negoziatzen ditu PPko Gobernuarekin" leporatu dio EH Bilduko koordinatzaileak EAJri.

Arnaldo Otegi gaur Bilbon. Argazkia: EFE
Arnaldo Otegi gaur Bilbon. Argazkia: EFE
Arnaldo Otegi gaur Bilbon. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo ETAk publiko egindako agiriaren harira, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan du EAJri "egoerak eskatzen duen neurriko jarrera" falta zaiola, "pilota beti teilatu berean jartzeko dinamika antzu horretatik ez da mugitzen, eta bitartean, aurrekontuak negoziatzen ditu PPko Gobernuarekin".

"Horrelako egoera batean norbaitek pentsatzea EAJk Ciudadanosekin, PPrekin eta UPNrekin aurrekontuak sinatuko dituela tamalgarria da gure iritziz" esan du Otegik.

EH Bilduk Bilbon egin duen biltzar nazionalean hitz egin du Arnaldo Otegik. "Etorkizunerako inbertsiotzat" jo du ETAk atzo egindako adierazpena: "Ziklo historiko luze bat bukatzen" ari dela esan du, eta orain, ibilbide berri bat zehaztu behar dela presoen gaiari irtenbide bat emateko.

Izan ere, etorkizunera begirako erronken artean bakea egonkortzea, eraikitzea eta garai berriak ekartzea aipatu ditu Otegik, baina lehen helburua euskal presoen gaiari "irtenbide adostua ematea" dela nabarmendu du, eta horretarako, "ibilbide orria" jarri behar dela mahai gainean.

Estatuaren papera eta 155. artikulua

Estatuaren papera ere gogor kritikatu du Otegik. Bere iritziz, "78ko erregimenak joko arauak aldatu ditu berriz ere eta 155a errekuperatuz Arias Navarrok eta Fragak trantsizioan nahi zuten diseinu originala berreskuratu dute: askatasun demokratiko, nazional eta sozial gutxiagoko diseinua".

Zentzu horretan 155a ez dela desagertuko iragarri du, eta "behar dutenean berriz aplikatuko" dutela.

Egoera honetan "EAJk daukagunari eutsi behar diogula esaten du, eta daukaguna garrantzitsua da –onartu du- baina EH Bildutik gogorarazi nahi dugu daukagunaren zati handi bat Garaikoetxeak eraiki zuela, eta bere alderdia, EA, koalizio honetan dagoela" nabarmendu du.

Hala, EAJrekin duten ezberdintasunik handiena ondorengo analisian oinarritzen dela esan du: "guk uste dugu benetan ez daukagula ezer, daukagun guztia egun batetik bestera ken baitiezaguke Estatuak 155a aplikatuz".

Erronka berriak

Mundua "aldatu egin dela" esanez amaitu du hitzaldia Otegik: "ez da erakunde baten zikloa bakarrik amaitzen, baizik eta ziklo politiko luze bat. Ezker abertzaleak XXI. mendean beste erronka batzuk ditu, arazo errealei aurre egin behar diegu: trantsizio energetikoa, langileen eredu produktibo partehartzaile baterako bidea etab."

"Eskuinak ez du agendarik horretarako, soilik ezker independentistak egin dezake hori esan" du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika EAJ-PNV ETA Eguneko albisteak Albisteak