Politika -

ETA-REN ADIERAZPENA

ETAk eragindako 'samin handia' sentitzen duela aitortu du

'Berria' eta 'Gara' egunkarietara bidalitako adierazpenean, 'gatazkaren ondorioak behin betiko atzean uzteko' eta halakorik berriro ez errepikatzeko konpromisoa azaldu du.

Eragindako samina zinez sentitzen duela aitortu du ETAk

1:36

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Behin betiko amaieraren iragarpenaren atarian, ETAk eragindako kalteari eta "samin handia"ri buruzko adierazpena kaleratu du, "zinez sentitzen dugu" esanez eta halakorik ez errepikatzeko konpromisoa azalduz.

Apirilaren 8ko data du oharrak, armagabetzearen lehen urteurrenarekin bat eginez, hain zuzen. Gara eta Berria egunkarietara bidalitako oharrean, "gehiegizko sufrikarioa" izan dela onartu du ETAk: "hildakoak, zaurituak, torturatuak, bahituak edo erbestea". Horietako askok atzerrira joan behar izan dutela eta, min horretan izandako "ardura zuzena" onartu du. ETAk "halakorik inoiz ez zuela gertatu behar edo ez zela denboran hainbeste luzatu behar adierazi nahi du", gaineratu du.

"Kontziente gara borroka armatuaren garai luze honetan samin handia eragin dugula. Konponbiderik ez duen kalte asko ere. ETAren ekintzek eragindako hildako, zauritu eta biktimei, gatazkaren ondorioz kaltetuak izan diren heinean, errespetua agertu nahi diegu. Zinez sentitzen dugu", azpimarratu du ETAk.

Ohar horretan nabarmendu duenez, "akatsen ondorioz edo akats izan diren erabakiak hartu izanaren ondorioz", gatazkan parte-hartze zuzenik ez zuten biktimak ere eragin ditu ETAk, bai Euskal Herrian bai Euskal Herritik kanpo ere.

ETA BARKAMENA agiria

ETAren agiriaren pantaila-irudia.

Barkamena

Bere jardunak inolako erantzukizunik ez zuten hainbat herritar kaltetu dituela azpimarratu du ETAk. "Atzerabiderik ez duten kalte larriak ere eragin ditugu herritarren artean. Haiei eta haien senideei barkamena eskatzen diegu. Hitz hauek ez dute gertatutakoa konponduko, ez eta mina arinduko ere. Begirunez diogu, berriro ere inolako atsekaberik sortu nahi gabe", dio idatziak.

"Ulertzen dugu askok guk egindakoa onartezina eta bidegabea izan dela ustea eta adieraztea, eta errespetatzen dugu, inori ezin baitzaio behartu pentsatu edo sentitzen ez duena esatera", nabarmendu du.

ETAren esanetan, "Estatuaren indarrek zein hauekin batera jardun zuten indar autonomistek egindako asko eta asko, legearen mozorroa erabili arren, erabat injustua izan da euskal herritar askorentzat, eta horiek ere ez dute umiliaziorik merezi. Bidezko kalte txalogarririk izan dela ulertu beharko genuke bestela".

"ETAk, ordea, beste jarrera bat du: oxala ez balitz halako ezer inoiz gertatu. Oxala askatasuna eta bakea aspaldi errotu izan balira Euskal Herrian", gaineratu du.

Ildo horretan, ETAk dio inork ezin duela iragana aldatu, baina iragan hori desitxuratzea edo zati batzuk ezkutatzen saiatzea etorkizunari begira egin ahal den "gauzarik okerrenetakoa" litzateke.

Eragindako minaren aitortza

"Onartu dezagun guztiok izandako ardura eta eragindako mina. Ikuspuntu eta sentipen berberak ez izan arren, denok besteek ere izandako sufrimendua aitortu behar dugu, begirunez. Horixe adierazi nahi du ETAk", azaldu du.

Etorkizunari begira, "berradiskidetzea" aipatu du oraindik egin beharreko lanen artean, "maila askotan zintzotasunez herritarren artean jadanik egiten ari dena". "Beharrezko ariketa da egia modu eraikitzailean azaleratzeko, zauriak sendatzeko eta halako sufrikariorik berriro gerta ez dadin bermeak eraikitzeko. Gatazka politikoari konponbide demokratikoa emanez Euskal Herrian bakea eraiki eta askatasuna lortu ahalko dira", dio ETAk oharraren amaieran.

ETAk egindako ekintza guztiak bere gain hartu ditu

Adierazpenaz gain, ETAk bidalitako argibide oharrean azpimarratu du ETAk egindako ekintza guztiak bere egin dituela aldian-aldian kaleratutako agirietan, eta horietan "ETAren kidegoak ardura kolektiboa" hartu duela, bere erantzukizuna onartuz. "Hori azpimarratzea garrantzitsua iruditu zaigu, oraindik ere Euskal Herrian gertatutako indarkeriazko ekintza asko ez baititu inork onartu. Inork ez ditu argitu", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak ETA gaur Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa