Politika -

AUZITEGI NAZIONALA

Altsasuko zortzi auzipetuek bertsio ofiziala ukatu dute

Guardia zibilekin izandako liskarrean parte hartu ez zutela eta Ospa mugimenduarekin zerikusirik ez dutela esan dute. 12 eta 62 urte bitarteko espetxe-zigorrak eskatu dituzte zortzi gazteentzat.

Altsasuko zortzi gazteren aurkako epaiketa Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EFE
Altsasuko zortzi gazteren aurkako epaiketa Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EFE
Auzipetuek bertsio ofiziala ukatu dute

1:39

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasi da Auzitegi Nazionalean Altsasuko zortzi gazteren aurkako epaiketa. 2016ko urrian, herrian jaiak ospatzen ari zirela, liskarra izan zen bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin, Altsasuko Koxka tabernan.

Horren harira, 12 eta 62 urte bitarteko espetxe-zigorra eskatu du Fiskaltzak, terrorismoa egotzita, zortzi gazte horientzat.

Lehendabiziko saioan zortzi auzipetuen txanda izan da.Guardia zibilekin izandako liskarrean parte hartu ez zutela eta Ospa mugimenduarekin zerikusirik ez dutela esan dute.

Jokin Unamuno izan da epailearen aurrean deklaratzen lehena eta defentsa abokatuen galderei soilik erantzun die. Behin-behineko espetxealdian dagoen hiru gazteetako bat da.

"Ez nuen inor jo, ez kanpoan ez barruan", adierazi du. Azaldu duenez, jendea bultzaka hasi zen eta iskanbila izan zen, baina bera taberna barruan gelditu zen.

Haren esanetan, kanpora joan zenean, tenientea lurrean etzanda eta emakume bat haren gainean babesten ikusi zituen.

 

Unamunok ziurtatu duenez, lau isun jarri izana aurpegiratu zien guardia zibilei, baina ukatu egin du beraiei oihu edo mehatxu egin eta jo izana.

 

Tenienteak izenez deitu zionean haserretu egin zela eta ez egiteko eskatu omen zion, eta horren harira eztabaidan hasi zirela zehaztu du.

"Oso mozkor nengoen", esan du Unamunok. "Jaien testuinguruan, goizaldeko bostetan" gertatutakoa sentitzen duela nabarmendu du, eta "mundu guztiak asko edan zuen", gaineratu du.

JOKIN UNAMUNO DEKLARATZEN ALTSASU EPAIKETA

(Jokin Unamuno deklaratzen. Argazkia: Agentziak)

Adur Ramirez de Alda, behin-behineko espetxealdian dagoen gazteetako bat, izan da deklaratzen hurrena. Gau hartan Koxka tabernan egon izana ukatu du. Are gehiago, goizaldeko ordubiak aldera etxera joan zen eta bertan gurasoekin topo egin zuen. Fiskaltzak 50 urteko kartzela-zigorra eskatzen du berarentzat.

Defentsa abokatuaren galderei soilik erantzun die. Azaldu duenez, istiluak gertatu zirenean, goizaldeko bostetan, ez zegoen Koxka tabernan; aitzitik, gau hartan pilota partida bat ikusi ondoren 02:00-02:30ak aldera etxera joan zen.

Haren esanetan, bakarrik joan zen etxera eta ohera sartu aurretik mokadutxo bat jan zuen. Hain zuzen ere, sukaldean zegoela, gurasoak iritsi ziren etxera. Haiek ere pilota partida ikusten izan omen ziren.

Gau hartan Jokin Unamuno auzipetuetako batekin afaltzera joan zen, lagun baten agurreko afaria tarteko. Afariaren harira, argazki bat atera zuten eta irudi horretan kamiseta beltz bat jantzita duela ageri da. Istiluen ondotik, guardia zibiletako batek esan zuen erasotzaileetako batek kolore gorri edo laranjako kamiseta zeramala. Ramirez de Aldak gau hartan arropaz aldatu izana ukatu du. "Edo ez dira egia esaten ari edo beste pertsona batekin nahastu naute", azpimarratu du.

Goizaldeko 03:30ak aldera akusatuetako baten (Julen Goikoetxea) deiak esnatu zuen. Bilbora joan behar zen laguna etxera azaldu ez zelako deitu zion haren anaiak. Ildo horretan, telefono deia guardia zibilen kontrako erasoa antolatzeko izan zela ukatu du. "Hurrengo goizean izan nuen gertatutakoaren berri, WhatsApp mezu mordoa ikusi nituen eta Jokin atxilotu zutela jakin nuen", istiluen berri noiz izan zuen adieraziz.

Halaber, Alde Hemendik! edota Ospa Eguna mugimenduko kide izatea ukatu du. 2015eko Ospa Egunean bai parte hartu zuen.

Bestalde, haren hitzetan, "inoiz" ez die guardia zibilei eraso egin.

 

"Pilotan jokatzen nuenean guardia zibil baten semearekin jokatzen nuen eta ez nuen inoiz arazorik izan", azpìmarratu du.

 

Ondoren, Ohian Arnanzen txanda izan da. Aurreko biak bezala, behin-behineko espetxealdian dago. Koxka tabernan zegoen, baina ez zuen istiluetan parte hartu.

Instrukzio fasean Koxkan zegoela ukatu egin zuen; aldiz, gaurko epaiketan, onartu egin du. Jarrera aldaketa horren inguruan galdetuta, auzia "handiegi" gelditzen zitzaiola ziurtatu du. "Familiarekin eta defentsarekin hitz egin ostean gertatutakoa, nik ikusitakoa, kontatzea eta Justiziarekin kolaboratzea erabaki genuen", nabarmendu du.

Guardia Zibilei eraso egitea edo mehatxatzea ukatu du. Guardia zibilak zirela ba ote zekien galdetuta, aurpegi ezagunak egiten zitzaizkion arren ez zekiela zehaztu du. "Gerora jakin nuen", gaineratu du.

Eztabaida batean bitartekari lanak egiten ahalegindu zela, baina lagun batek alderatu egin zuela azaldu du.

"Ez dut inoiz arazorik izan Guardia Zibilarekin", adierazi du. Ildo horretan, ez du inolako gorrotorik ez Guardia Zibilarekiko eta ezta beste indar polizialekiko ere. Horrez gain, Ospa mugimenduko kide izatea eta ekitaldi horietan parte hartzea ukatu du.

EPAIKETA ALTSASU AUZITEGI NAGUSIA

(Kazetari bat Auzitegi Nazionaleko prentsa aretoan, epaiketa jarraitzen. Argazkia: EFE)

Hiru deklarazio horien ondotik, gainerako bost auzipetuen txanda izan da: Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Aratz Urrizola, Iñaki Abad eta Ainara Urkijo. Hauek ere defentsa abokatuen galderei soilik erantzun diete.

Jon Ander Cobek ere gertatutakoaren bertsio ofiziala ezeztatu du, inor kolpatu edo iraindu izana ukatuz. Zauritutako tenientearen bikotekideak istiluen tokian kokatu zuen, baina erratu egin zela uste du auzipetuak: "Nahastu egin zela uste dut, ez dut uste asmo txarrez egin zuenik".

Halaber, Ospa mugimenduan parte hartzea edo Guardia Zibilarekiko gorrotoa izatea ukatu du.

Julen Goikoetxeak pertsona bakezaletzat du bere burua, eta Koxka tabernako ohiko bezeroa dela onartu du. Koxka tabernara dantza egitera, lagunekin barre batzuk egitera eta ligatzeko asmoz joaten direla esan du. Koxka tabernan liskarrak ohikoak direla-eta ohiko "zalaparta" bat zela pentsatu zuen. Apolitikotzat du bere burua, eta bera identifikatzerakoan nahastu egin zirela uste du.

Aratz Urrizolak Koxka tabernan egon zela adierazi du, baina istiluak hasi aurretik alde egin zuela nabarmendu du.

Iñaki Abadek politikoki pertsona ez aktibo gisa definitu bere burua. Tenientea eta haren bikotekidea ezagutzen zituen, lan egiten zuen tabernara joan ohi zirelako eta beraien arteko tratua "normala" zela berretsi du. "Ez dut beraiekin arazorik izan", gaineratu du.

 

Abadek eskuko telefonoarekin Koxka tabernako kanpoaldeko irudiak grabatu zituen eta une batean sarjentuak eskuarekin zartada bat eman eta telefonoa lurrera bota zion. Epaimahaiak atzera bota du grabazioa proba gisa aurkeztea.

 

Ainara Urkijok azaldu duenez, istiluak gertatu ondoren iritsi zen Koxka tabernara. Jokin Unamuno atxilotu zutela ikustean, foruzainekin eztabaidatu zuen, baina ukatu egin du sarjentuaren bikotekidea mehatxatu zuenik. Ez dela Ospa mugimenduko kide ere esan du.

Zortzi auzipetuen deklarazioarekin amaitu da gaurko saioa. Bihar, asteartea, bi guardia zibilen eta horien bikotekideen txanda izango da.

Epaiketaren lehen saioa bukatuta, auzipetuen senideek azpimarratu dute agerian geratu dela Altsasun gertatu zena "taberna bateko liskarra" izan zela eta erantsi dute gaur entzun dela "lehendabiziko aldiz" zortzi gazteen bertsioa.

"Agerian geratu da gure seme-alabak terroristak ez direla, beste edozein familiako seme-alabak bezala parrandan atera zirela eta han gertatu zena taberna bateko liskar bat izan zela", nabarmendu du Isabel Pozuetak.

Bestalde, zortzi auzipetuek senide, lagun eta politikarien babesa eta elkartasuna jaso dute Auzitegi Nazionalean. Han izan dira, besteak beste, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteordea (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentaria, Eduardo Santos Nafarroako Ahal Duguko idazkari nagusia edo Iñaki Benal Izquierda-Ezkerrako kidea.

Epaiketa justua izan dadila exijitu dute eta Altsasun gertatu zena terrorismoa izan ez zela azpimararatu dute, enegarrenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Politika Gaurko albisteak Nafarroan Delituak Epaiketak albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Madril albisteak gaur Altsasu Gazteak gaur