Politika -

EPAIKETA, ASTELEHENEAN

Milaka lagunen elkartasuna jaso dute Altsasuko gazteek Iruñean

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 50.000 lagunek hartu dute parte "Ez da terrorismoa. Justizia. Altsasukoak aske" leloa zeraman pankartaren atzetik garatu den manifestazioan.

Manifestazioaren irudi bat. Argazkia: @Altsasugurasoak
Manifestazioaren irudi bat. Argazkia: @Altsasugurasoak
Jende oldea Iruñean, Altsasuko gazteen askatasuna eskatuz

1:33

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Altsasuko auzian "justizia" eskatzeko milaka lagunek manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Iruñean, Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske herri plataformek deituta. Eguraldi ona lagun, 17:30ak jota hasi da manifestazioa Golem zinemen paretik eta Gaztelu plazan amaitu da.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 50.000 lagun baino gehiagok parte hartu dute martxan: "Nafarroan azken hamarkadetan egin den mobilizaziorik handiena! 50.000 lagun baino gehiago JUSTIZIA eske!" zabaldu dute Twitter bidez. Iruñeko Udaltzaingoaren arabera, berriz, 38.000 pertsona izan dira. Zenbakiak zenbaki azken urteetan Iruñean egin den manifestaziorik jendetsuenetakoa izan da.

"Ez da terrorismoa. Justizia. Altsasukoak aske" zioen pankartaren atzean bildu dira manifestariak Iruñeko kale nagusietan euren aldarrikapena agertzeko. Besteak beste, Nafarroako Gobernuaren eta Foru Parlamentuaren babesa izan du martxak.

Dozenaka autobus irten dira Euskal Herriko hainbat herritatik eta manifestazioa hasi baino ordubete lehenago arazoak zeuden Iruñera sartzeko. Manifestazioa hasi denean milaka lagun zeuden hasiera puntuan eta beste hainbeste ibilbidean zehar. Altsasuko gurasoak hunkituta agertu dira sare sozialetan: "Hunkituta gaude jendearen elkartasunarekin. Izugarria izaten ari da!" esan dute txio batean. Izan ere, ibilbide osoan txaloak eta animo oihuak jaso dituzte.

 

Terrorismo delitua egotzita, Altsasuko zortzi gazte epaitzen hasiko dira astelehenean Auzitegi Nazionalean, eta fiskalak 375 urteko espetxe zigorra eskatzen du. Taberna batean bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izandako liskarrak eragin du gazteon auzipetzea. Gazte horietatik hiruk 500 egun baino gehiago daramatzate kartzelan epaiketa zain.

 

Auziaren "desproportzionaltasuna" salatu dute hasieratik auzipetuen gurasoek eta Altsasuko herriak, eta kasua Nafarroako Auzitegiaren esku uztea eskatzen dute.

Azken komunikatuan jakitera eman dutenez, "ia 100.000 lagunek sinatu dute gure aldeko manifestua, zuzenbidearen arloko 194 profesionalek, zortzi alderdi politikotako 88 diputatuk, Bruselan 15 herrialde ordezkatzen dituzten 52 europarlamentariok, 5 talde parlamentariok, udal ugarik eta Nafarroako 50 erakunde sozialek, kultura, kirola eta bestelako arloetan ezagunak diren pertsonekin batera".Ez dutela "inpunitatea" eskatzen, "justizia" eskatzen dutela berretsi dute gurasoek "exajerazioa, distortsioa eta desproportzioa hain da handia, beldur gara gure seme-alabei gertakizunen larritasunarekin bat ez duten kartzela-zigor luzeak ezarriko ote dizkieten" esan dute.

Alderdi politikoak manifestazioan

Nafarroako Gobernuaz gain, sentsibilitate ezberdinetako alderdiek hartu dute parte gaurko manifestazioan:Geroa Bai, Podemos, I-E eta EH Bilduk, adibidez, eta han izan dira CC.OO., ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak ere:

 

Araiz: 'Gazte horientzat justizia eta askatasuna aldarrikatzen ditugu'
Araiz: 'Gazte horientzat justizia eta askatasuna aldarrikatzen ditugu'
Araiz: 'Gazte horientzat justizia eta askatasuna aldarrikatzen ditugu'

1:37

 

 

Adolfo 'Txiki' Muñoz: 'Ez dago eskubiderik'
Adolfo 'Txiki' Muñoz: 'Ez dago eskubiderik'
Adolfo 'Txiki' Muñoz: 'Ez dago eskubiderik'

1:38

 

 

Astelehenean hasiko da epaiketa

 

Ostiral honetan bertan Amnistia Internazionalek hitz egin zuen gai honen inguruan eta Altsasuko gazteei terrorismo delitua erretiratzea eskatu zuen AIk. Datorren astelehenean, epaiketa hasten denean, Amnistia Internazionala erakundea behatzaile gisa arituko da ahozko epaiketan.

Apirilaren 16 horretan Auzitegi Nazionaletik zuzenean egingo dute Radio Euskadiko Boulevard saioa, epaiketaren lehen inpresioak jasoz.

Azken aste hauetan Nafarroatik bira egin dute Altsasuko gurasoek kasua ezagutarazi eta babesak lortzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea azken orduko berriak Albisteak Nafarroa Albisteak Gaur Albisteak Altsasu albisteak Gurasoak albisteak Epaiketak argazkiak Protestak gaur Gazteak gaur