Politika -
Bake prozesua
Foro Soziala: 'ETAren desmobilizazioak Madrilekin hitz egiteko aukera emango du'
'Armagabetzea, desmobilizazioa eta birgizarteratzea euskal gatazkan aplikatuta: bideragarritasuna eta aukera' jardunaldiaren ondorioetako bat izan da Donostian.
Agentziak | Erredakzioa
Foro Sozialaren hitzetan, ETAren “desmobilizazioak elkarrizketa batera eramango du, ez bakarrik euskal erakundeekin, Espainiako Gobernuarekin baizik”. Fase horri “preso eta iheslarien birgizarteratzeak” jarraitu behar diola defendatu du Foroak.
'Armagabetzea, desmobilizazioa eta birgizarteratzea euskal gatazkan aplikatuta: bideragarritasuna eta aukera' jardunaldiaren ondorioetako bat izan da. Foro Soziala plataformak Donostian egin du ekitaldia. Aaro Suonio Ipar Irlandako Desegite Batzorde independenteko buruzagiak eta Veronique Dudouet Berghof Fundazioko ordezkariak parte hartu dute.
Nazioarteko bi aditu horiek parte hartu zuten Lokarrik eta Bake Bideak 2013an antolatutako Foro Sozialean. “Euskal gatazkan” NBEren konponbiderako “armagabetze, desmobilizazio eta birgizarteratze (DDR) estandarrak” aplikatzeko aukera “aurrenekoz” aipatu zuten orduan.
Era berean, Omar Cortes Kolonbiako bake prozesuko kidea, Jesus Florez Pazifikoko Koordinazio Batzordeko kidea, Justine Masika Kongoko ekintzailea eta Kristian Herbolzheimer Filipinetako Bake Trantsizioko zuzendaria jardunaldian izan dira.
Euskal Herrian, ETAren armagabetzeak eta desmobilizazioak elkarrizketa “konstruktibo eta barneratzaile” batean aurrera egiteko “balio behar dute”, Dudouetek ondorioen agirian azaldu duenez. “Presoen eta biktimen” kontu “juridiko, humanitario eta sozialetan” aurrera egiteko balio behar duela zehaztu du.
“Euskal esperientzia parekorik ez duen prozesu bat da, aldebakarrekoa izan delako”, armagabetze prozesuan izan den “Espainiako Estatuaren parte-hartze faltagatik”, gaineratu duenez.
Dudoueten ahotan, “lehen fasearen” amaierak beste bi faseetan aurrera egitea posible egin behar du: batetik “desmobilizazioan”, hau da, “ETAren erakunde klandestinoen” desegitean, eta bestetik, “presoen eta errefuxiatuen birgizarteratzean”.