Politika -

MADRIL

Unibertsitateak masterreko 60 kredituetatik 40 baliozkotu zizkion Pablo Casadori

Hedabideen aurrean eskaini duen prentsaurrekoan berretsi duenez, eskoletara joan gabe eta azterketarik egin gabe lortu zuen masterra gainditzea, lanen bitartez.

Pablo Casado

Masterren auziak Pablo Casado bete-betean harrapatu du

1:14

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Casado PPko Komunikazio idazkariordeak Madrilgo Juan Carlos erregea Unibertsitatean egin zuen "Zuzenbide Autonomiko eta Lokala" masterrari buruzko azalpenak eman ditu hedabideen aurrean. Azaldu duenez, masterreko 60 kredituetatik 40 baliozkotu zizkion unibertsitateak, eta baliozkotze hori egiaztatzen duten dokumentuak erakutsi ditu. Goizean esandakoa berretsi du, alegia, eskoletara joan gabe eta azterketarik egin gabe gainditu zuela masterra. "Eskatutakoa egin nuen", nabarmendu du.

Kazetariekin PPren egoitzan egin duen agerraldian azaldu duenez, 2008ko urrian matrikulatu ostean hainbat ikasgai baliozkotzea eskatu zuen, aurrez Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean Zuzenbide ikasketak egin zituelako. Masterreko noten egiaztagirik ez duela gaineratu du, "ez dudalako inoiz eskatu".

Unibertsitateak 40 kreditu baliozkotu zizkion, eta, beraz, 20 kreditu besterik ez zuen egin behar izan; hots, 22 ikasgaietatik 4.

Gerora, lau lan erakutsi ditu, 55 orrialdeko Ibilbide Amaierako Lana (12 kreditu) tartean. Gainera, beste bi edo lau kredituko hiru ikerketa-lan labur ere egin zituen hiru ikasgaitarako.

"Kontzientzia lasai daukat, zuzen jokatu dut", adierazi du Casadok. Horrez gain, berretsi du lanak eginez, eskoletara joan gabe eta azterketarik egin gabe, lortu zuela masterra gainditzea. Eskoletara joatea ez zen ezinbestekoa eta ez zen araudiaren kontrakoa, azaldu du.

Cristina Cifuentesek ez bezala, paper mordoa eskutan zituela azaldu da hedabideen aurrera. Horrek Cifuentes zein tokitan uzten duen galdetuta, berak bere buruaz soilik hitz egin dezakeela esan du. Ezin duela dokumentuak edo lanak gorde ez dituen inor "epaitu" erantsi du.

Prentsaurrekoaren aurretik, goizeko lehen orduan onartu du, Onda Cero irrati kateari eskainitako elkarrizketan, klasera joan gabe eta azterketarik egin gabe gainditu zuela masterra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PP Espainia Alderdi politikoak albisteak Ustelkeria politikoa azken albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Madril Pablo Casado Blanco