Politika -
ELKARRIZKETA
Ortuzar: 'Oraindik posible da Estatuko Aurrekontuak aurrera ateratzea'
EAJren EBBko presidenteak 155. artikuluaren aplikazioa bertan behera gelditzea eta Kataluniako Gobernua Parlamentuak aukeratutako ordezkari legitimoen esku egotea jarri ditu baldintza gisa.
RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA
Andoni Ortuzar EAJren EBBKo presidenteak azaldu duenez, oraindik posible da 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak negoziatzea, beti ere, Kataluniako egoera aldatzen bada. "Epaiketa, epai eta atxiloketa gutxiago egon behar dira, politikoki lana egin eta egoera bideratzeko", azpimarratu du. EAJk Cifuentesen alderdiarekin negoziatuko ote lukeen galdetuta, Cifuentesena txapuza ikaragarria dela erantzun du, "baina negoziatuz gero Euskadirentzat onak liratekeen Aurrekontuez ari gara hizketan". Haren esanetan, "boto emaileak eta dira Cifuentes eta PP bere tokian jarri behar dutenak". Bestalde, aurrekontu proiektuari dagokionez esan du Euskadira bideratutako inbertsioak % 32 handitzea aurreikusten duela. "Ez da opari bat, programatutako inbertsioak dira", gaineratu du.
Baionan pasa den igandean jarri zuten eta polemika eragin duen "Arbolaren Egia" eskulturari buruz ere mintzatu da buruzagi jeltzalea. Haren iritziz, indarkeria, memoria edo iraganaren irudikapenari buruzko "beste errealitate bat dago Hegoaldean, beste modu batera bizi izan delako". Hori dela eta, "zuhurrak eta arduratsuak" izateko deia egin du. Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) begira jarrita kezkatuta agertu da baldin eta elkarbizitza "oinarri sendo eta justuen gainean" berreraikitzeko akordiorik ez balego. Ortuzaren iritziz, beharrezkoa da prozesu horretara joan aurretik alderdi guztiek autokritika egitea, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileari zeharkako aipamena eginez. Otegik umiltasuna eskatu zion duela gutxi Ortuzarri, eta buruzagi jeltzaleak "beti besteei begira egotea" leporatu dio, bere esanetan, oraindik bere inguruak egiteko asko duenean. Horrez gain, Iparraldera askotan joatea aurpegiratu dio eta Iparraldean gertatutakoa Hegoaldean ez dela gertatuko esan dio. "Planteamenduak eta ondorioak ezberdinak dira, politikak beste eragile batzuk ditu hemen eta gizon horrek eta bere alderdiak onartu behar dute euskal gizartearen gehiengoa Hegoaldean dagoela", gaineratu du.
Bestalde, Espainiako hurrengo hauteskundeei begira jarri da, eta Ciudadanos alderdia nagusituz gero Espainiarentzat eta Euskadirentzat "hondamendia" litzatekeela azaldu du.
Jatorrizko informazioa Euskadi Irratiak landu eta eitb.eus-ek itzuli du.