Politika -

Katalunia

Torrentek ostiral honetarako deitu du Sanchezen inbestidura-saioa

Diputatuari bilkurara joateko baimena idatzi batean eman diezaion eskatu dio Gorenari Parlamenteko presidenteak.

Roger Torrent, Kataluniako Parlamenteko presidentea. EFE
Roger Torrent, Kataluniako Parlamenteko presidentea. EFE
Roger Torrent, Kataluniako Parlamenteko presidentea. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Roger Torrent Parlamenteko presidenteak ostiral honetarako deitu du Jordi Sanchez JxCateko bigarrena Generalitateko presidente inbestitzeko osoko bilkura. Gaur egun, presoaldi prebentiboa betetzen ari da Jordi Sanchez. Gorenari deialdia errepeta dezan eskatu dio Torrentek, hautagaiaren "eskubide politikoak" bermatzeko.

Inbestidura bilkuraren deialdia sinatu du gaur goizean Parlamenteko presidenteak, ostirala eta larunbata artean egindako kontsulta txanda amaituta Sanchez hautagaitzarako proposatu ostean. Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordearen idatzi bat aurkeztuko du Sanchezek, Auzitegi Gorenari Soto del Realeko espetxetik atera eta presidente izendatu ahal izateko.

Giza Eskubideen Batzordean 18 kide daude, eta oraindik ez dute ezer adierazi Sanchezen abokatuek aurkeztutako salaketaren inguruan. Dena den, Espainiari Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren (1976) 25. artikuluko eskubide politikoak bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatzen zion idatzi bat sinatu zuten taldeko bi kidek.

Ostiraleko bilkuraren (10:00etan) deialdiaz eta hautagaitzarako proposamenaz gain, joan den martxoaren 23an NBEko Giza Eskubideen Batzordeak onartutako ebazpena bidali dio Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileari. Halaber, Sanchezen "eskubide politikoak" bermatzeko "beharrezkoak diren neurriak" aldarrikatzeko gutun bat ere igorri dio.

Gorenari bidalitako idatzi horretan, "NBEko Giza Eskubideen Batzordeak emandako kautelazko neurriek Estatuko botere guztiak emaitzak lortzera eta Jordi Sanchez inbestidurara aurkezteko mekanismo guztiak abiatzera behartzen" dituztela azaldu du Torrentek.

Auzitegi Gorenak "ez balu ebazpena beteko, Jordi Sanchezen eskubideak kaltetuko lirateke, eta estatu espainiarrak ez lituzke nazioartean dituen eginbeharrak beteko", gaineratu du Parlamenteko presidenteak.

'Prebentziozko presoaldiak ezin du boto pasiboa debekatu'

"Prebentziozko presoaldiak ezin du boto pasiboa debekatu. Izan ere, eskubide horrek Kataluniako Generalitateko presidente izendatua izateko aukera onartzen du, gehiengo parlamentarioak hala erabakiz gero", esan du.

Torrentek proposatu zuen Sanchez beste behin ere inbestidurarako hautagai gisa, Carles Puigdemontek uko egin ostean. Hala eta guztiz ere, Gorenak aukera hura baztertu zuen, ez ziolako espetxetik ateratzen utzi martxoaren 12rako deitutako bilkurara joateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Politika Auzitegi Gorena argazkiak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Pere Aragonès bideoak