Politika -
BAKEGINTZA FOROA
Funosas: 'Hurbilketek erakusten dute adostasunak egon direla Frantziarekin'
Presoen gaia lantzeko Frantziako Justizia Ministerioarekin zabaldutako lan espazioa 'positiboki' baloratu du Anaiz Funosasek.
EITB.EUS
ETAren armagabetzearen urteurrenaren harira, Bakegintza Foroa egiten ari dira egunotan Miarritzen, Bake Bidea taldeak deituta. Presoei buruzko saioa egin dute goizean, eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritza batek Frantziako Gobernuarekin abian duen lan esparruak orain arte emandakoaren balantzea egin dute, eta aurrera begirako urratsak zehaztu dituzte.
Sei bilera egin dituzte ETAk armak entregatu zituenetik Frantziako Justizia Ministerioarekin, eta aldi berean, presoekin ere bilerak egin dituzte espetxeetan. Anaiz Funosas Bake Bideako eledunak nabarmendu duenez, egoera "desblokeatzea" lortu dute, eta horri eskerrak, "aurrerapausoak" ematen ari dira.
Azken hilabeteotan bederatzi preso gerturatu ditu Frantziako Gobernuak Euskal Herritik gertu dauden espetxeetara, eta laster gerturatze gehiago egotea espero dutela zehaztu du Funosases. "Egon dira espekulazio aunitz. Guk ez dugu onartu joko horretan sartzea. Egia dena da adostasuna lortu dela. Kriterioa izan da legearen aplikazioa eta eskaera indibiduala egitearena", esan du.
Frantziako Gobernuarekin zabalik duten lan espazioa "oso positiboki" baloratzen dutela esan du. "Ezinbestekoa da indarrez adierazi diezaiogun honek ez duela urte luzez irauten ahal. Hori da gure erantzukizuna. Delegazio gisa ezin dugu utzi denbora pasatzen. Presa bada gauzak martxan jartzeko, eta guztiak martxan jartzeko", zehaztu du.
Frantzian diren preso guztiak Euskal Herrira hurbildu arte lanean jarraituko dutela gaineratu du Bake Bidea taldeak. Emakume presoen egoera aipatu dute bereziki, Lannemezango eta Mont-de-Marsangoan espetxeetan ez baitago emakumezkoentzako egokitutako espaziorik. Egoera horri konponbidea emateko lanean ari direla ere esan du Funosasek.