Politika -
Presoen hurbilketa
Frantziak Lannemezango espetxera hurbildu ditu Agirregabiria eta Garitagoitia presoak
Arkaitz Agirregabiria Fresnesen zegoen, Euskal Herritik 930 kilometrora, eta Iurgi Garitagoitia Poissyn, 950 kilometrora.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziako Gobernuak ETAko beste bi preso hurbildu ditu Euskal Herritik 200 bat kilometrora dagoen Lannemezango kartzelara: Arkaitz Agirregabiria eta Iurgi Garitagoitia, hain zuzen ere.
Etxeratek jakinarazi duenez, Agirregabiria Fresneseko kartzelan egon da orain arte, etxetik 930 kilometrora; eta Garitagoitia Poissyn, 950 kilometrora. Dagoeneko biak daude Lannemezanen.
Arkaitz Agirregabiria 2010eko maiatzaren 20an atxilotu zuten Baionan, Mikel Carrera Sarobe ETAko buruzagi militarrarekin batera.
2010eko martxoaren 16an, Jean-Segre Nerin jendarmearen heriotza eragin zuen tiroketan parte hartu izana leporatu zioten eta 25 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten horregatik. ETAk hildako azken pertsona izan zen Nerin.
Iurgi Garitagoitia Pauen atxilotu zuten 2009ko uztailean. 15 urteko espetxealdia ezarri zioten ETAren logistika taldeko kidea izatea egotzita.
Frantziako Gobernuak urte hasieran iragarri zuen euskal presoak Euskal Herritik hurbilen zeuden espetxeetara hurbilduko zituela.
Lehendabiziko hurbilketak otsailean egin zituen, Zigor Garro eta Julen Mendizabal presoak Mont de Marsango kartzelara eramanda.
Martxoan, Josu Urbieta, Raul Aduna eta Jon Salaberria presoak hurbildu zituen Mont de Marsanera. Eta hilabete horretan bertan Jon Gurutze Maiza eta Alberto Ilundain Lannemezango presondegira eraman zituzten.
Aipatzekoa da Mendizabal eta Salaberria aske geratu direla oraintsu.