Politika -
Katalunia
Comin, Puig eta Serret fidantzarik gabe aske utzi dituzte Belgikan
Kataluniako hiru kontseilari ohiak aske egongo dira epaileak Espainiaren estradizio eskaera ebatzi arte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Toni Comin, Lluis Puig eta Meritxell Serret Kataluniako Gobernuko kontseilari ohiak fidantzarik gabe baina kautelazko neurriekin aske utzi dituzte Belgikan, herrialde horretako Justiziak hala erabakita.
Ordu batzuk lehenago, Alemaniako Justiziak aske utzi du Carles Puigdemont presidente ohia, fidantza ezarrita, eta baztertu egin du matxinada delitua leporatzea.
Libre utzi arren, Belgikako Justiziak zenbait baldintza ezarri dizkie hiru politikari katalanei: Belgikatik ez ateratzea, herrialde horretan bizileku finko bat izatea eta epaileak deitzean deklaratzera joatea.
Bigarren aldia da epaileak bermerik gabe aske uzten dituela; izan ere, azaroan erabaki bera hartu zuen.
Fiskaltzaren atarian, Comin oso pozik agertu da Belgikako epaileak hartu duen erabakiagatik nahiz Alemaniako Justiziak Carles Puigdemont fidantzapean aske uztea ebatzi duelako. Ildo horretan, Espainian preso dauden gainerako politikari katalanak libre utz ditzatela eskatu du.
"Oso pozik gaude gaur izan diren erabakiekin, gure askatasunagatik eta Puigdemonten askatasunagatik. Era berean, oso pozik gaude Europako Justiziak lehendabiziko aldiz esan duelako matxinada deliturik izan ez dela", azpimarratu du.
Hori dela eta, "Espainian behin-behinean preso dauden kide guztiak berehala aske utz ditzatela exijitzen dugu. Europak hartu duen lehen erabakiak agerian utzi du haiek preso mantentzeko arrazoia gezurra dela", erantsi du.
Estradizio prozesua dela eta, Cominek esan du "oso lasai" dagoela, "ziur bainago epaileei gu estraditatzeko arrazoirik ez dagoela erakusteko gai izango garela".
Puigek ere antzeko adierazpenak egin ditu eta "onartezintzat" jo du Kataluniako politikariak Espainian preso egotea. Hala ere, Alemaniako Justiziak gaur hartutako erabakiak Estatuan "eragina" izango duela erantsi du.
"Espainiako Justiziak ezin du beste aldera begiratzen jarraitu", azpimarratu du.