Politika -
Katalunia
Alemaniako Justiziak aske utzi du Puigdemont, eta baztertu egin du matxinada delitua
Epai-mahaiak dio Puigdemonti ezin zaiola matxinada delitua egotzi, indarkeriarik egon ez delako. Hortaz, Espainiaren esku uztekotan, diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita izango da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alemaniako Schleswig-Holstein herriko Lurralde Auzitegiak Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetua bermepean libre uztea erabaki du eta baztertu egin du matxinada delitua egin duenik.
Auzitegiak ohar bidez jakinarazi duenez, ezinezkoa da Puigdemont matxinada delitua egotzita auzipetzea, eta ihes egiteko arriskua txikia dela iritzita, aske uztea erabaki du. Kartzelatik ateratzeko 75.000 euroko bermea ordaindu beharko du orain Puigdemontek.
Nolanahi ere, estradizio prozesuak aurrera jarraitzen du. Puigdemonti diru publikoa bidegabe erabili izana egotzi diezaiokete eta, hala bada, Espainiako Auzitegi Gorenaren esku uztea erabaki dezake Alemaniako Auzitegiak.
Epai-mahaiak azaldu duenez, matxinada delitua leporatuta Espainiak egindako estradizio eskaera onartzea ezinezkoa da, "egozten zaizkion ekintzan zigorgabeak direlako Alemanian".
Espainiako matxinada delitua Alemanian "traizio handia" delituaren parekoa litzateke. Alabaina, epai-mahaiak azpimarratu du Puigdemonti ezin diezaioketela horrelakorik egotzi, indarkeriarik egon ez delako.
Bestalde, Kataluniako Asanblada Nazionalak (ANC) 23:30 inguruan jakinarazi du dagoeneko ordaindu duela Puigdemont libre geratzeko ezarri duten 75.000 euroko bermea.
"Carles Puigdemont presidenteari Alemaniako Justiziak ezarritako fidantza ordaindu dugu jada", iragarri dute Twitter bidez. Dagoeneko bermeetan ia lau milioi euro ordaindu dituztela erantsi dute.
Puigdemont martxoaren 25etik dago Neumünsterreko presondegian. Erabaki judizialaren berri izan ostean, ondoko mezua argitaratu dute haren Twitterreko kontu pertsonalean: "Bihar ikusiko dugu elkar. Mila esker guztioi!"