Politika -

KATALUNIA

CDRek 'kriminalizazio saiakerak' salatu eta jarraitu egingo dutela adierazi dute

Errepublikaren Defentsarako Batzordeek ohar bat kaleratu dute Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari erantzunez. Izan ere, ikerketa abiatu du CDRen protesta ekintzatan matxinada deliturik baden argitzeko.

CDRek deituta, ordainlekuetako barrerak altxatu eta zaintza kamerak estali dituzte asteburuan. EFE
CDRek deituta, ordainlekuetako barrerak altxatu eta zaintza kamerak estali dituzte asteburuan. EFE
CDRek deituta, ordainlekuetako barrerak altxatu eta zaintza kamerak estali dituzte asteburuan. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Errepublikaren Defentsarako Batzordeek (CDR) "estatu errepresore eta faxista baten eta horren botere faktikoen —izan hedabideak edo Fiskaltza— kriminalizazio saiakera" guztiak salatu dituzte. Halaber, "inoiz baino biziago" jarraitzen dutela eta ez dituztela geldiaraziko ohartarazi dute.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak CDRen protesta ekintzetan matxinada deliturik baden ikertuko duela iragarri zuen atzo; azken egunotan, errepideak itxi eta ordainlekuak okupatu dituzte Katalunian, talde horrek Espainiako Estatuaren aurkako desobedientzia ekintza gisa deituta.

 

 

Fiskaltzaren iragarpenaren berri izandakoan, CDRek ohar bat kaleratu du bere Twitter kontuan. "Guk kaleko protesten gidaritza hartu ostean, erregimenaren hedabideak gu kriminalizatzeko gezurrak zabaltzen hasi dira", azaldu dute.

"Estatuko indar errepresoreek batera antolatutako kanpaina honek gure kontrako errepresioa legitimatzeko marko bat sortu nahi du, besteak beste, gu jazarpen politikoaren jomugan jartzeko eta gure kontrako jazarpen judiziala justifikatzeko", gaineratu dute.

CDRek salatu dutenez, "lotsarik gabe ustezko kale borroka bat amatu dute". Horien esanetan, benetan hedabideak eta alderdi politikoak beldurtzen dituena gizartea aldatzeko "bakezaletasun aktiboa" baliatzen duen herri elkartu, alai eta borrokalaria ikustea da.

"Herrialdea geldiarazteko dugun gaitasunak beldurtzen ditu. Geroz eta gehiago antolatuko garen eta dugun boterearen kontzientzia hartuko dugunaren beldur dira", nabarmendu dute.

"Beraiek legearen indarra, prentsaren boterea, borren indarkeria eta baliabide ekonomiko guztiak dituzte", azpimarratu dute.

Asteburuan, hainbat pertsonak Kataluniako zenbait autobidetako ordainlekuak okupatu dituzte (La Roca del Vallesekoa AP-7n eta Sitgesekoa C-32n, besteak beste) eta barrerak ireki dituzte, ibilgailuak ordaindu beharrik gabe igaro zitezen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Katalunia egoera politikoa Berriak Politika Eguneko albisteak Eguneko albisteak