Politika -

EAE-KO AURREKONTUAK 2018

Espainiako Gobernuak helegitea iragarri du EAEko 2018ko Aurrekontuen aurka

Rajoyren Exekutiboaren ustez, Aurrekontuetan jasotako bi erabaki Konstituzioaren kontrakoak dira: funtzionarioen soldata igotzea, eta Itzarri pentsio planera %1eko ekarpenak egitea.

Josu Erkoreka eta Pedro Azpiazu. Irudia: ETB
Josu Erkoreka eta Pedro Azpiazu. Irudia: ETB
EAEko 2018ko aurrekontuen aurkako helegitea jarriko du Espainiako gobernuak

1:38

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko Aurrekontuen kontrako helegitea aurkeztuko du Auzitegi Konstituzionalean. Hala aurreratu dio Rajoyren Gobernuak Urkulluren Gobernuari. Horren aurrean, helegitea aurkezteko "mehatxua" erretiratzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaurko Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan eman du albistea. Estatuko Administrazioaren iritziz, Jaurlaritzak aurrekontu proiektuaren baitan onartutako bi erabaki Konstituzioaren aurkakoak dira: lehena, funtzionarioei aurten soldata % 1,5 igotzea jasotzen duena; bigarrena, Itzarri pentsio planera langile publikoen soldataren % 1 bideratzea eskatzen duena.

Erkorekak azpimarratu duenez, Eusko Legebiltzarrak bere oniritzia eman zien Aurrekontuei, EAJ, PSE-EE eta PPren botoarekin. Orain, ostera, PPk Kontuak inpugnatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak bere eskumenak gainditu dituela iritzita.

Jaurlaritzaren izenean hitz egin duen Josu Erkorekak Espainiako Gobernuaren enegarren helegitea salatu du. Halaber, bere jarrera aldatzeko eta helegitea aurkezteko mehatxua erretiratzeko eskatu dio Alderdi Popularraren Gobernuari.

Josu Erkorekaren iritziz, helegiteak "alarma" sortuko du 70.000 langile publikoren artean, "segurtasun juridikorik eza" lantaldeak kudeatzen dituztenen artean, eta "egonezina, negoziazio mahaietan".

Bestalde, beste behin "gehiegikeriaz jardutea" eta Gernikako Estatutua aintzat ez hartzea leporatu dio Erkorekak Espainiako Gobernuari.

Espainiako Gobernuak dio helegitea ekiditeko aukera badagoela

Espainiako Gobernuak esan du espero duela Eusko Jaurlaritzarekin kooperazio batzordean hasiko duen aldebiko negoziazioan akordio batera heltzea eta, ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko Aurrekontuen kontra Auzitegi Konstituzionalean helegiterik jarri behar ez izatea.

Bi gobernuak kooperazio batzordean bilduko dira eta sei hilabeteko epea izango dute adostasun batera heltzeko. Akordiorik ez badago, Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean sartuko du aipatu helegitea.

EFE agentziak Mariano Rajoyren Exekutiboaren iturriak aipatuta zabaldu duenez, errekurtsoa jartzeko prozedura automatikoki abiarazi da, oraingoz behintzat sektore publikoko ordainketak 2017ko Aurrekontuen arabera egiten ari direlako.

Ildo horretan, gogoratu dute negoziatzen diren kasuen % 5ak soilik bukatzen dutela Auzitegi Konstituzionalean.

EH Bildu eta PSEren kritikak

Espainiako Gobernuaren mehatxuen aurrean "amore ez emateko" eskatu dio Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak Eusko Jaurlaritzari.

Helegite horrek "Estatuarekiko menpekotasun harremana" premiaz hausteko beharra erakusten duela eta, beraz, Eusko Jaurlaritzak "subiranotasuna eskuratzeko urratsa eraginkorrak" eman beharko lituzkeela erantsi du.

"Katalunian 155. Artikulua erabili dute autonomiaren kontrola hartzeko eta hemen helegitea jarrita nahikoa dute zilegitasun osoz hartu ditugun erabakiak baliorik gabe uzteko", kritikatu du Iriartek.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailearen iritzian, funtzionarioen soldata igoeraren kontrako Auzitegi Konstituzionalera jotzeak ez du inolako zentzurik, besteak beste, "Euskadiko Alderdi Popularrak babestu zituelako".

Funtzionarioen ordainsariak igotzea EAJk eta PSE-EEk proposatu zutela, Aurrekontuetan jasota dagoela eta Euskadiko PPk babestu zuela gogoratu du Pastorrek.

Gauzak horrela, arazo honi aurreikusitako epeetan irtenbidea emateko eskatu die bi gobernuei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua albisteak Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Eguneko albisteak Espainiako Auzitegi Konstituzionala Aurrekontu Publikoak 2024