Politika -
KATALUNIA
Marta Rovira ez da Auzitegi Gorenean aurkeztu eta 'erbestera' joan da
Militanteei bidalitako eskutitz batean eman du bere erabakiaren berri: 'Gaur bide gogor bati ekin diot, erbestearen bideari'.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Marta Rovira ERCko idazkari nagusia ez da Auzitegi Gorenera joan, eta militanteei bidalitako eskutitz batean erbestera doala iragarri du.
Eskutitz horretan azpimarratu duenez, "erbestea bide gogorra izango da. Zoritxarrez, ordea, nire aurretik beste batzuek ere bide hori hartu behar izan dute".
"Ezin dut hainbeste maite ditudan pertsonengandik urruntzeak sortzen didan tristura ezkutatu. Hainbat urtez borroka bera partekatu dugun pertsonok helburu bakarra daukagu: gizartea justuago bat lortzea", azpimarratu du. Hala ere, "isilik bizitzea" tristeagoa litzatekeela adierazi du.
"Erbestea bide gogorra izango da, baina nire ahots politikoa berreskuratzeko dudan modu bakarra da", nabarmendu du. Horrez gain, erbesteak ama gisa jardutea ahalbidetuko diola esan du.
Bestalde, gorrotoari nagusitzen ez uzteko eskatu die militanteei. "Herritar eta iritzi guztiekiko errespetutik eta maitasunetik soilik egingo ditugu aldaketa sakonak. Elkarrekin lan eginda bakarrik lortuko du guztiontzako Errepublika eraikitzea", gaineratu du. Ildo horretan, haserrea adore eta amorrua maitasun bihurtzea aldarrikatu du.
"Gora askatasuna, justizia, berdintasuna eta senidetasuna. Gora guztiontzako Errepublika katalana", amaitu du.
Forcadell, Romeva, Turull, Rull, Bassa eta Rovira, Auzitegi Gorenera deituta
Kataluniako prozesu subiranista ikertzen ari den Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak Jordi Turull, Carme Forcadell, Raul Romeva, Josep Rull, Dolors Bassa eta Marta Rovira deitu ditu gaurko, orain arte ikertuak zirenei auzipetze autoa jakinarazteko.
Jordi Turull, Carme Forcadell, Raul Romeva, Josep Rull eta Dolors Bassa ikertuak 10:00ak baino lehen heldu dira Gorenera, taldeka. Aurrena, Forcadell, Romeva eta Bassa, 09:45ean heldu dira Gorenera, eta geroago iritsi dira Turull eta Rull.
Hain justu, Marta Rovira, Carme Forcadell eta Dolors Bassa ERCko kideek Parlamentuan duten eserlekua utziko dutela iragarri dute bart. Horiek azaldu dutenez, beren egoera pertsonalak "Kataluniako Parlamentuko egunerokoan eraginik izan ez dezan eta epaile batek Kataluniako herritarren borondate demokratikoari xantaiarik egin ez diezaion" hartu dute kargua uzteko erabakia.
Marta Rovirak ez zuen atzerrira joateko debekurik
ERCko bigarrenak Pablo Llarena epailearen aurrean deklaratu zuen otsailaren 19an. Epaileak kautelazko neurriak ezarri zizkion, baina ez zion pasaportea erretiratu, ezta Espainiako Estatutik ateratzeko debekurik jarri ere.
Ikertu gisa deklaratu ostean, instrukzio-epaileak 60.000 euroko fidantza ordainduta aske utzi zuen. Dena den, hamabostean behin epaitegira agertzeko betebeharra ezarri zion.
Fiskaltzak Rovira eta Espainiatik ihes egindako beste seirak atxilotu nahi ditu
Fiskaltzak Marta Rovira eta Espainiatik ihes egindako beste seirak, tartean Carles Puigdemont, atxilotzeko agindua emateko eskatu dio Gorenari.