Politika -

Katalunia

Turullek elkarrizketa eskaini dio Estatuari, 'aldebikoa eta baldintzarik gabekoa'

Nolanahi ere, Turullek ez du babes nahikorik izango lehen bozketan presidente izateko, CUPek abstentzioaren alde egitea erabaki baitu.

Jordi Turull Kataluniako Parlamentuko inbestidura saioan egin duen agerraldian. Argazkia: EFE
Jordi Turull Kataluniako Parlamentuko inbestidura saioan egin duen agerraldian. Argazkia: EFE
Turullek elkarrizketa eskaini dio Estatuari

1:56

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jordi Turull Kataluniako Generalitateko presidentegaiak elkarrizketa eskaini die Espainiako Gobernuari nahiz Erregeari, Kataluniako gatazka politikoa konpontzeko asmoz.

Alderdi soberanistei, berriz, batasunerako deia egin die, "155aren hatzaparretatik askatzeko".

Generalitateko presidente izendatzeko inbestiduraren lehen saioan egin duen agerraldian egin ditu adierazpenok Turullek. Nolanahi ere, lehen bozketan ez du babes nahikorik izango, CUPek abstentzioaren alde egitea erabaki duelako.

Gainera, bihar Auzitegi Gorenean deklaratu beharko du eta, ondorioz, espetxean berriro sartzeko arriskuan dago.

Kataluniako Parlamentuan egin duen hitzartzean, Kataluniako gatazka politikoa konpntzeko elkarrizketa abiarazteko eskua luzatu dio Estatuari.

"Elkarrizketa horrek gobernutik gobernura izan behar du"

Elkarrizketa horrek aldebikoa eta baldintzarik gabekoa izan behar duela erantsi du. "Elkarrizketak gobernutik gobernura izan behar du; presidente izendatzen banaute, ez nuke ulertuko Mariano Rajoyk nirekin ez hitz egitea", azpimarratu du.

Turullen iritzian, elkarrizketa aldarrikatzeak ez du esan nahi "ahaltasuna erakustea" edo "gure helburuei uko egitea". "Orain arte ez gaituzte entzun nahi izan eta erantzuna mehatxua eta errepresioa izan da beti", kritikatu du.

Joan den abenduaren 21eko hauteskundeetan independentismoak gehiengo absolutua eskuratu zuela gogoratu du eta emaitza hura errespetatu egin behar dela gaineratu du. "Demokraziarentzat ez dago alternatiba demokratikorik; demokraziaren alternatiba tirania baita".

Bere diskurtsoan, Turullek ez du Kataluniako Errepublikari buruzko aipamenik egin, ezta independentzia eskuratzeko emango dituzten hurrengo urratsak zeintzuk izango diren ere.

Aitzitik, urriaren 1eko erreferenduma hizpide izan du. Egun hartan "hautestontziek irabazi" zutela eta orduan erabakitakoari erantzuna eman behar zaiola esan du.

"155aren hatzaparretatik askatuko bagara, batuta egon behar dugu"

CUPek bere hautagaitza babestu ez duela eta, Turullek lasaitasunerako mezua igorri du eta indar soberanistei batuta egoteko eskatu die.

"Kataluniak eskatu digunari leialtasunez, oztopo guztiei aurre egiteko gai izango gara, oztopoak handiak izan arren; elkarrekin askatuko gara 155aren hatzaparretatik eta elkarrekin etorkizun argiago bati hasiera emango diogu", azaldu du.

Bihar Auzitegi Gorenera joan behar duela eta, Turullek aitortu du bere burua "arriskuan" ikusten duela, "baina Generalitateko presidente izateko duintasunagatik hartu dut arrisku hori".

Ildo horretan, erbestean edo kartzelan dauden Kataluniako agintari politikoak izan ditu gogoan.

Amaitzeko, presidente izendatuz gero, Generalitateren lan-ildo nagusiak zeintzuk izango liratekeen aurreratu du: Kataluniako erakundeak berreskuratzea eta 155a bertan behera geratzea; Kataluniako herritarrentzako garapen soziala; susperraldi ekonomikoa; nazioarteko ekintzak; eta eragile ekonomiko eta sozialekin elkarlanean arituko den gobernua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Kataluniaren independentzia Gaurko azken orduko albistea Kataluniako hauteskundeak JxCat azken ordua Prentsa digitalaren azken orduko Kataluniako Generalitatearen azken ordukoa