Politika -
Polizia operazioa
Atxilotutako 4 lagunak aske gelditu dira Intxaurrondon deklaratu ostean
Belen Gonzalez Peñalvaren omenaldian terrorismoa goratzea leporatzen diete Oihana Garmendia, Antton Lopez, Miren Zabaleta eta Olatz Dañobeitiari.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak goizean atxilotu dituen lau lagunak ?Oihana Garmendia, Miren Zabaleta, Antton Lopez Kubati eta Olatz Dañobeitia? aske gelditu dira Intxaurrondo kuartelean deklaratu ostean, Sortuk bere Twitter kontuan jakinarazi duenez.
Oihana Garmendia izan da irteten lehena, 15:00etan. Ordu erdi geroago, Miren Zabaleta atera da. Azkenik, Antton Lopez eta Olatz Dañobeitia aske gelditu dira, 16:00ak aldera.
Guardia Zibilak lau pertsona horiek atxilotu ditu gaur, Belen Gonzalez Peñalva hildako ETAko kidearen omenaldian terrorismoa goratzea egotzita.
Garmendia Gernika-Lumon (Bizkaia) atxilotu dute. Zazpi hilabeteko haurdun dago, eta ginekologora zihoan atzeman dutenean. Antton Lopez Zarautzen hartu dute atxilo; Zabaleta, Iruñean eta Dañobeitia, Bilbon. Laurak Guardia Zibilak Donostian (Intxaurrondo auzoan) duen kuartelera eraman dituzte.
Ezker abertzaleak antolatuta, 2017ko azaroaren 18an egin zioten omenaldia Gonzalez Peñalvari, Lazkaon. Bertan izan ziren, besteak beste, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Pernando Barrena Sortuko kidea edota Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi izandakoa.
AVTk ekitaldia debekatzea eskatu zion Auzitegi Nazionalari, baina epaileak baztertu egin zuen. Gerora, Covitek salaketa aurkeztu zuten auzitegi berean. Fiskaltzak auzia artxibatzearen alde egin zuen.
(Antton Lopez eta Miren Zabaleta, Gonzalez Peñalvaren omenaldian. EiTB)
Erreakzioak
Atxiloketek erreakzio soka luzea ekarri dute. Besteak beste, Sortuk, EH Bilduk eta Jaurlaritzak hitz egin dute operazioaren inguruan.
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, "batzuk bakea egiten ari gara eta beste batzuek, berriz, gerra nahi dute".
Arkaitz Rodriguezen esanetan, "ezker abertzalea lanean ari da aurreko zikloa behingoz itxi eta bakearen eta konponbidearen ziklo berri hau irekitzeko".
Gaineratu duenez, ezker abertzalea lanean ari da ETAk azken ekarpen bat egin dezan. "Testuinguru horretan kokatzen dira atxiloketa hauek", azpimarratu du.
Rodriguezen hitzetan, "bistakoa" da Estatu espainiarreko zenbait sektorek ez dutela aurreko ziklo politikoa itxi eta berria irekitzerik nahi.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak presoei harrera egiteko ekitaldi publikoak arbuiatu ditzala eskatu dio ezker abertzaleari, "onartezinak direlako eta biktimak berriro mintzea eragiten dutelako".
Gainera, Guardia Zibilak gaur egindako operazioak ETAren desegitean eraginik izan behar ez duela esan du. Areago, ETAri "aldebakarrez, modu eraginkorrean eta betirako" desagertzeko exijitu dio.
Bestalde, Guardia Zibilak Ertzaintzari atxiloketak egiteko asmoaren berri eman ez izana kritikatu du.
EH Bilduk, berriz, gogor kritikatu ditu Josu Ekorekaren hitzak eta jarrera horrekin Eusko Jaurlaritzak atxiloketei "alfonbra gorria" jarri diela erantsi du.
Agiri batean, Julen Arzuaga legebiltzarkideak esan du Erkorekak ez duela egoerak eskatzen duen maila eman, "Guardia Zibilak operazioari buruz ezer jakinarazi ez diola soilik kezkatzen baitio".
"Zer esan nahi du horrekin? Aurretik Guardia Zibilaren informazioa izan balu ez lukeela kontrako ezer esateko? Gobernu baten bozeramaileari eskatzen zaion mailarik ez du eman Ekorekak, nahiago izan du eskubide urraketa baten aurrean isilik geratzea eta isiltasun horrek gaurkoak bezalako atxiloketa gehiago egotea elikatzen du; iraganekoa izan beharko luketen argazkiei normaltasuna eman diote", salatu du.
EH Bilduko parlamentariak uste du Guardia Zibilaren operazioa Alderdi Popularraren estrategia baten ondorio dela eta EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek estrategia horretan PPrekin bat egin dutela kritikatu du.
Bestalde, ehunka lagunek hartu dute parte ezker abertzaleak atxiloketok salatzeko arratsalde honetan Euskal Herriko herri eta auzoetan deitutako elkarretaratzeetan, "Bakearen eta askatasunaren alde" lelopean.
BIDEOA | Atxiloketak salatzeko Euskal Herrian egindako bilkurak