Politika -
POLIZIA OPERAZIOA
Sortu: 'Batzuk bakea egiten ari gara eta beste batzuek, berriz, gerra nahi dute'
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak Antton Lopez, Oihana Garmendia, Miren Zabaleta eta Olatz Dañobeitiaren atxiloketak salatu ditu.
EITB.EUS
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak Oihana Garmendia Kalera Kalera dinamikako eledunaren, Antton Lopez Ruiz preso ohiaren, Miren Zabaleta Sortuk Nafarroan duen koordinatzaile politikoaren eta Olatz Dañobeitiaren atxiloketak salatu ditu.
Guardia Zibilak lau pertsona horiek atxilotu ditu gaur, Belen Gonzalez Peñalva hildako ETAko kidearen omenaldian terrorismoa goratzea egotzita.
Atxiloketen ostean, erreakzio oldea etorri da eta hedabideen aurrean hitz egiten lehena Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia izan da. Arkaitz Rodriguezen esanetan, "ezker abertzalea lanean ari da aurreko zikloa behingoz itxi eta bakearen eta konponbidearen ziklo berri hau irekitzeko". Gaineratu duenez, ezker abertzalea lanean ari da ETAk azken ekarpen bat egin dezan. "Testuinguru horretan kokatzen dira atxiloketa hauek", azpimarratu du.
Rodriguezen hitzetan, "bistakoa" da Estatu espainiarreko zenbait sektorek ez dutela aurreko ziklo politikoa itxi eta berria irekitzerik nahi. Ildo horretan, bi arrazoi aipatu ditu: batetik, aurreko ziklo politiko horretan, konfrontazio egoeran, erosoago zeudelako eta "etekin politikoa" ateratzen zutelako; bestetik, herrialde honentzat eta ezta Kataluniarentzat ere eskaintza politiko demokratikorik ez dutelako.
Salatu duenez, "Estatuak ez dio bere biolentziari uko egin nahi, gaurkoa ere biolentzia delako", badakielako biolentziarik gabe ez dela ezer. Biolentzia horren baitan kokatu ditu, besteak beste, dispertsioa, espetxe politika, preso gaixoak kartzelan mantentzea, garaile eta garaituen kontaketa inposatzea, ...
Arkaitz Rodriguezen esanetan, gatazkarik, torturarik eta Estatuaren bortizkeriaren biktimarik ez dagoela "sinestarazi nahi gaituzte", baina ezker abertzaleak ez du gezurrezko errelatoa onartuko. Ez hori bakarrik, errelato hori hauspoa emateak ondorioak ekar ditzakeela ohartarazi du.
"Batzuk bakea egiten ari gara eta beste batzuek, berriz, gerra egiten jarraitu nahi dute", amaitu du.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, Espainiako Barne Ministerioak ez dio aurrez atxiloketen berri eman Segurtasun Sailari.
Gobernu bileraren osteko agerraldian ez du polizia operazioaren inguruko baloraziorik egin nahi izan, besteak beste, horren atzean zeuden arrazoiak ezagutzen ez zituelako.
Atxiloketak atxiloketa, ETAk disoluzio prozesuarekin aurrera jarraitu behar duela uste du Erkorekak, euskal gizartearen "eskaera" eta normalizazioa lortzeko "beharrezkoa" delako.
EH Bilduren iritziz, atxiloketak atzera pauso bat dira elkarbizitza demokratikoa lortzeko bidean.
Atxiloketekin pozik agertu da Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidentea. Ikerketarekin jarraitzea eskatu du, ETAko presoei omenaldiak antolatzen dizkieten pertsonek “ordain dezaten”.
“Erakunderen batek lege aplikatzeko garaia” bazela azpimarratu du Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak (Covite). Atxiloketekin Auzitegi Nagusiko Fiskaltza “nabarmen” geratu dela uste du Covitek.
ELAk, ostera, atxiloketak errefusatu ditu. Sindikatu abertzalearen hitzetan, PP “edozein gauza erabiltzen ari da testuingurua eta komunikabideen arreta baldintzatzeko, ETAren amaierarekin zerikusia duten albisteak gorpuzten ari direnean”.
Espainiako Estatuak “errepresioaren aldeko apustua” egin duela argi utzi dute atxiloketek, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak agiri batean salatu duenez. Aranbururen ahotan, “herri honetako sektore batzuen aurkako errepresio eta indarkeria adierazpenak desagertu ez direla argi geratu da”.