Politika -
DE MIGUEL AUZIA
De Miguelek eta Telleriak zuzenean eskupekoa eskatu ziotela berretsi du Alberdik
'De Miguel' auziaren epaiketan, ustezko ustelkeria kasua salatu argitara atera zuen Ainhoa Alberdi abokatuak defentsa abokatuei erantzun die.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"De Miguel" auziaren epaiketan, Ainhoa Alberdi abokatuak deklaratu du bigarren egunez jarraian. Ainhoa Alberdi da, hain zuzen ere, ustez legez kanpoko komisioak kobratzeagatik Arabako EAJko hainbat buruzagi ohi auzipetuen aulkian eseri dituen De Miguel kasua argitara eman zuen abokatua. Atzoko deklarazioan egin bezala, Alfredo De Miguel eta Aitor Telleria inputatuek zuzenean eskupekoa eskatu ziotela berretsi du Ainhoa Alberdik.
Gaurko saioan, Ainhoa Alberdi abokatuak "De Miguel" auziko inputatu nagusien defentsa abokatuen (Alfredo de Miguel Arabako EAJko bigarrena izandakoa eta Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano EAJren Arabako zuzendaritzako kide ohiak) galderei erantzun die.
2009an Fiskaltzaren aurrean salatu zuenez, 100.000 euroko legez kanpoko komisioa ordaintzera behartu nahi izan zuten, bere enpresari 2006an (Urbanorma Consulting SL) Miñaoko Teknologia Parkea handitzeko kontratu bat esleitu ziotelako. Esandakoa baieztatzeko, Alberdik grabagailua eta dokumentuak eman zizkion fiskalari.
Atzo Josu Izaguirre Arabako fiskalaren galderen aurrean egin bezala, irmotasunez erantzun die defentsa abokatuei. Haren esanetan, esleitutako kontratuaren herena eskatu zioten eta "bai edo bai" ordaindu beharrekoa zela esan zioten, "argi eta garbi".
Diru-eskaera hori bere bazkide ohiak Kataia enpresarekin pilatutako zor baten ondorio izan zitekeen galdetuta, Alberdik "ezinezkoa" dela erantzun du, haren hitzetan, zorra 30.000 eurokoa zelako eta eskaera 100.000 eurokoa.
Horrez gain, berretsi du bere hasierako asmoa ez zela salaketa jartzea "gaia itxi eta bakoitza bere aldetik joatea" baizik, baina ez ordaintzeko erabakiaren ondotik pairatu zituen ondorioak tarteko Fiskaltzarengana joatea erabaki zuela.
Bihar, asteazkena, Ainhoa Alberdi abokatuaren aitaren txanda izango da.