Politika -

Terrorismoaren biktimak

EH Bildu ez da Terrorismoaren Biktimen eguneko Jaurlaritzaren ekitaldian izango

Europako Terrorismoaren Biktimen eguneko Jaurlaritzaren larunbateko ekitaldiaren leloa "egia argia" dela erantzun dio Erkorekak EH Bilduri.

Iazko terrorismoaren biktimen omenaldia. Argazkia: EiTB.
Iazko terrorismoaren biktimen omenaldia.
Iazko terrorismoaren biktimen omenaldia. Argazkia: EiTB.

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Terrorismoaren Biktimen eguneko Eusko Jaurlaritzaren ekitaldian parte hartuko ez duela esan du astearte honetan Miren Larrion EH Bilduko legebiltzarkideak; Jaurlaritzak deitu eta antolatutako ekitaldian EH Bildu izango ez bada ere, Eusko Alkartasunako ordezkaritza bat egongo da.

EH Bilduk azaldu duenez, ez du omenaldian parte hartuko ekitaldi "inklusiboa" ez delako, eta "etorkizunera begirako jarrera eraikitzailea izan ordez iraganera begirako irakurketa partziala duelako".

Bestalde, EH Bilduren ordezkaritza bat bai izango da Nafarroako Gobernuak deitutako ekitaldian. Bilboko ekitaldian ez bezala, Iruñekoan bakea eta elkarbizitza eraikitzeko jarrera eraikitzailea eta inklusiboa ikusten du EH Bilduk, biktima guzti-guztiak aintzat hartuko dituena eta alderdi interesak ordezkatu beharrean, herri eta gizarte interesak ordezkatzen dituena.

EH Bilduk biktima guztiak aintzat hartzeko eta bizikidetzan eta elkarbizitzan urratsak emateko borondatea duela esan du. Ildo horretan, aurreko larunbatean Isaias Carrasco zinegotzi sozialista oroitzeko ekitaldian lehen aldiz EH Bilduko ordezkaritza bat izan zela gogoratu du. Aurretik, Miguel Angel Blanco oroitzeko ekitaldietan ere izan direla gaineratu du.

Hori horrela, "bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzan aurrera urratsak izango diren eta jarrera inklusiboa duten ekimen guztietan parte hartu du EH Bilduk, eta etorkizunean ere horrela egingo du, erantzukizunagatik eta horixe delako euskal gizartearen aurrean hartua daukan konpromisoa", esan du alderdiak agiri batean.

Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak EH Bilduri erantzun dio astearte honetan, alderdi abertzaleak larunbatean elkarretaratzean parte hartuko ez duela iragarri ostean. Ildo horretan, "leloan azaltzen dena gauza jakina eta egia argia" dela eta "konnotazio zuzentzailea" duela esan du Erkorekak Gobernu Bileraren ostean.

Hala ere, Josu Erkorekak Eusko Jaurlaritzak omenaldian parte hartzeko alderdi guztiei eta gizarteko beste sektoreei egindako gonbidapena mantendu du. Ildo horretan, "alderdi bakoitzak bere erabakiak hartzeko askatasuna duela" argitu du.

"Deitoratzen dugu batzuk ez etortzea, baina horrek, nolabait, argi uzten du bide luzea dagoela oraindik egiteko, eta gai honen inguruan ez dagoela dena konponduta", esan du. Leloaren harira, esaldiarekin asmatu dutela esan du Erkorekak, eta "apeta edo bidegabekeriaren ondorioa" ez dela gaineratu du.

Ekitaldia

ekitaldia elkarretaratze zirkularra izango da, Bilboko Indautxu Plazan, 10:30etik 11:00etara, terrorismoaren biktimei euskal gizarteak babesa erakutsi diezaiela. Ekitaldiari amaieran, Iñigo Urkullu lehendakariak hitzaldia eskainiko du.

"Fue injusto. Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz" lelopean egin dute elkarretaratzea, eta horrek helburu bikoitza izango du: batetik, terrorismoaren biktima guztiak gogoratu eta euskal gizartearen aitortza eta elkartasuna adierazi; bestetik, biktimen eta gizartearen arteko batasuna sustatu.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak gonbida helarazi die euskal erakundeei eta Euskadiko politika, gizarte, ekonomia, kultura eta hezkuntza arloko eragileei, ekitaldian parte har dezaten.

Ekimen horrekin bat egitera ere deitu ditu herritarrak Eusko Jaurlaritzak berak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Bilboko albisteak Gaurko albisteak Bizkaia Eusko Jaurlaritza albisteak Alderdi politikoak EH Bildu Araba EA Bizkaia Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Terrorismoaren Biktimak