Politika -
MEMORIA HISTORIKOA
Frankismoaren biktimak oroitzeko lehen 'memoriagunea' inauguratu dute Gasteizen
Gorka Urtaran alkatea buru, oroitarria inauguratu dute Santa Isabel hilerrian. 33 pertsona fusilatu zituzten bertan, Francoren altxamenduaren ondoren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Memoria historikoa berreskuratzeko bidean, lehen "memoriagunea" zabaldu du gaur Gasteizko Udalak. Frankismoaren biktimak gogoratzeko oroitarria jarri dute Santa Isabel hilerrian, bertan fusilatu baitzituen Francoren diktadurak hainbat gasteiztar.
Gorka Urtaran Gasteizko alkate jeltzaleak eta Udaleko gainerako talde guztiek hartu dute parte ekitaldian. Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria eta Enrique Ullibarriarana Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako aholkularia ere bertan izan dira.
Frankismoaren biktimekin "Gasteizek duen zorra" kitatu nahi dutela esan du Urtaranek bere hitzaldian. Alkateak emandako datuen arabera, 1936-1945 urteetan gutxienez 33 gasteiztar fusilatu zituzten Santa Isabel hilerrian, Francoren diktaduraren aurka altxatzeagatik.
Memoria berreskuratzearen garrantzia azpimarratu du Urtaranek, biktima guztiei dagokien "duintasuna eta justizia aitortzeko".
Hitzok esan ostean, oroitarria erakutsi du alkateak, 'Agur Jaunak' doinua entzuten zen bitartean.
Datozen asteotan beste hiru "memoriagune" jarriko dituzte Arabako hiriburuan. Informazio-panelak eta seinaleak jarriko dituzte lau gune horietan, eta seinale bakoitzak QR kodea izango du, eta etorkizunean informazioa gehitzeko aukera emango du.